Energia

Iberdrolak 2.408 milioi euro irabazi ditu urte hasieratik, %10,2 gutxiago

Konpainiaren arabera, energia garestiak, zergak eta ezohiko sarrera txikiagoak izan dira jaitsieraren arrazoiak. Espainiako Gobernuaren dekretuak haren kontuetan 114 milioi euroko eragina izan duela dio, eta ez duela probetxurik atera argindarraren prezioaren igoerarengatik.

Ignacio Galan, Iberdrolako presidentea. KIKO DELGADO / EFE
Irune Lasa.
2021eko urriaren 27a
11:13
Entzun

Iberdrolak bere diru sarrerak handitu egin ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, batez ere AEBetako eta Brasilgo merkatuetan erdietsitako emaitza onei esker. Hala ere, iaz baino %10,2 gutxiago irabazi du: 2.408 milioi euro; besteak beste, ez duelako iaz adinako ezohiko sarrerarik izan, iazko zerga batzuk aurten ordaindu dituelako, eta Espainiako Gobernuaren iraileko dekretuak 114 milioi euroko jan dizkielako kontuei.

Gobernuaren dekretuaren eragina, iaz Siemens Gamesaren %8a saltzean lortutako gainbalioak (485 milioi), eta Erresuma Batuan geroratuko zergak urte arteko alderaketatik kenduta, Iberdrolak 2.688 milioi euroko mozkin garbi doitua erdietsi du urteko lehen bederatzi hilabetetan, eta iazko emaitza %5,2 handitu.

Iberdrolak adierazi du ez diela probetxurik atera energiaren prezio garestiei. Gas garestiaren ondorioz garestitutako pooleko argindarraren kostua, konpainiaren arabera, ez da iritsi kontratu finkoa duten beren bezeroetara, haietan argindarraren prezio finkoa dagoelako ezarrita. Prezio hori ordaintzen eta ez pool-ekoa, Iberdrolaren kontuen arabera, bezero horiek 2.000 milioi euroko aurrezkia izan dute orotara.

Inbertsioak %6 handitu dituela ere jakinarazi du konpainiak. 7.036 miloi euroko inbertsioa egin du urtarriletik irailera, eta diru horren %77 Espainiatik kanpoko merkatuetan inbertitu du. Inbertsio guztiaren %90 berriztagarrien proiektuetara, energia biltegiratzera eta argindar sare adimentsuetara joan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.