BERRIA ZABALIK

BERRIAk kanpaina bat egingo du Galdakaon, bertako merkataritza sustatzeko

Galdakaoko Udalarekin eta Dendari elkartearen babesarekin egingo dute kanpaina. Mila euroko sari bat zozkatuko dute kanpainan parte hartuko duten herritarren artean.

Galdakaon egingo duten BERRIA Zabalik kanpaina aurkezteko ekitaldia, gaur goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2021eko urriaren 27a
14:32
Entzun

BERRIA Zabalik kanpaina Galdakaora (Bizkaia) iritsi da, merkatari txikien jarduna biziberritzeko. Ekintzan parte hartu nahi duten merkatariek urriaren 27tik azaroaren 8ra izango dute izena emateko epea, helbide honetan: https://bl.berria.eus/berria-zabalik-herriak. Azaroaren 22tik abenduaren 1era, herritarrek zozketa batean parte hartu ahal izango dute, kanpainan izena emango duten denda horietan erosketak egiten badituzte.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, zozketa egingo dute parte hartuko duten herritarren artean. Kutxabankek babestuta, 1.000 euro zozkatuko dituzte herritar batentzat. Kanpainan parte hartuko duten denden artean, berriz, 1.000 euroko bonu bat zozkatuko dute, BERRIA egunkarian publizitate gisa erabiltzeko.

Ostalariek, bestalde, BERRIA egunkaria doan eskuratzeko aukera izango dute kanpainak iraungo duen epe horretan, azaroaren 22tik abenduaren 3ra. Egunkaria jaso nahi dutenek azaroaren 17a baino lehenago izena eman beharko dute, helbide honetan: https://bl.berria.eus/ostalaritza-eskaintza.

Tokiko merkatariak eta euskara

Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak nabarmendu du tokiko merkataritza «gogor astindu» duela COVID-19aren pandemiak: «Azkeneko urte eta erdia oso gogorra izan da merkatari txikientzat. BERRIAk apustua egin nahi du bi norabideetan: esku bat emanez tokiko ekonomiari, eta euskara eta irakurzaletasuna bultzatuz, BERRIAren presentziarekin».

Galdakoztarrak euskaraz kontsumitzera eta herriko dendetan erosketak egitera animatu dituzte kanpaina honekin, Iñigo Hernando alkateak nabarmendu duenez. Edurne Espilla Euskara zinegotziak ere ideia hori indartu du: «Euskararen presentzia indartu nahi dugu Galdakaon; gure kaleetan nahi dugu, aisialdian eta eguneroko harremanetan, bizirik. Horretarako, hainbat egitasmo jarri ditugu martxan urtean zehar. BERRIAren kanpaia gauzatuko den une berean, esaterako, Sormene euskal sorkuntzen plazan murgilduta egongo da Galdakao».

Herriko dendari elkarteko lehendakari Aitziber Bonillak azaldu du horrelako egitasmoen «premia» dutela merkatari txikiek: «Herriaren sostengua da tokiko dendaria, egunero bertan dagoena, eta bertako produktuekin lan egiten duena, gertuko zerbitzua emanez».

Ramon Aranburu Kutxabankeko ordezkaria «harro» agertu da, bankuak finantzatuko duen sari horrekin denda txikiak, euskara eta BERRIA lagunduko dituztelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.