Hezkuntza

Euneiz sortzeko legearen tramitazioari bidea eman dio Eusko Legebiltzarrak, EAJ, PSE, PP-C's eta Voxen babesarekin

EH Bilduk argudiatu du «etekin ekonomikoak lortzea xedetzat duen unibertsitate pribatu batek» ezin duela finantzaketa publikorik jaso

Euneiz unibertsitate pribatua hartuko duen eraikina. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko urriaren 27a
17:09
Entzun

European University Gasteiz (Euneiz) zentro pribatua sortzeko xedez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege proiektuaren tramitazioak aurrera eginen du Eusko Legebiltzarrean. Gaur eztabaidatu dute arauari buruzko irizpena, eta, EAJren eta PSEren botoez gain, PP-C's eta Vox taldeen babesa izan du. Hortaz, osoko bilkurara iritsiko da lege proiektua.

Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bildu taldeek, berriz, kontrako botoa eman dute. Koalizio independentistak ohar batean argudiatu du administrazioak ezin duela diru publikoekin finantzatu «Euneiz bezalako unibertsitate pribatu bat, etekin ekonomikoak lortzea xedetzat duena». «EAJk, PSEk eta PPk babestu duten lege horrek, ordea, Euneiz unibertsitate sistemaren barruan txertatzen du, EHU, Mondragon eta Deusturen pare, eta diru publikoa jasotzeko eskubidea aitortzen dio», azaldu du Ikoitz Arresek, EH Bilduko eledunak.

Lege proiektua legebiltzarrera iritsi zenean, EP-IUk osoko zuzenketa aurkeztu zion; abstentziora jo zuen EH Bilduk orduan. Horri buruz, Arresek azaldu du koalizio abertzaleak ez zuen legearen tramitazioa eragotzi, «baina lau zuzenketa aurkeztu zituen, bermatzeko Euneizek ez zuela diru publikorik jasoko». Zuzenketa horiek atzera bota dituzte EP-IU ez beste talde guztiek, hortaz, EH Bilduk ere ezezkoa eman dio legearen tramitazioari. Edonola ere, Arresek gaineratu du EAJ eta PSE «garaiz» dabiltzala oraindik «euskal unibertsitate sistemaren finantzaketa publikoa blindatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.