Aurrekontuen bozketa

Portugal hauteskundeen atarian jarri du aurrekontuen bozketaren porrotak

Alderdi Sozialistak ez du lortu datorren urteko kontuak onartzea, Ezkerreko Blokearekin eta komunistekin dituen desadostasunengatik. Herrialdeko presidenteak bozetara deitzea lehenesten du.

Antonio Costa Portugalgo lehen ministroa (PS) —zutik—, gaur, parlamentuan, aurrekontuaren bozketaren aurretik. MIGUEL A. LOPES / EFE
ander perez zala
2021eko urriaren 27a
19:35
Entzun

Gaurko bozketaren bezperan, Portugalgo presidente Marcelo Rebelo de Sousak argi utzi zuen zeren artekoa zen bidegurutzea: aurrekontuak onartzea edo hauteskundeak aurreratzea. Azkenera arte saiatu den arren, Antonio Costa lehen ministroak —PS Alderdi Sozialistakoak— ez du lortu BE Ezkerreko Blokea eta PCP Portugalgo Alderdi Komunista konbentzitzea, eta, hortaz, estatuburuak bere asmoei eusten badie, herrialdeak espero baino bi urte lehenago antolatuko ditu parlamenturako hauteskundeak. Horietan «gehiengo sendo eta egonkor bat» lortzeko helburua jarri du gobernuburuak.

Costak sei urte egin ditu lehen ministroaren karguan, BErekin eta PCPrekin batera osatu zuen ezkerreko blokeari esker. Urteek aurrera egin ahala, ordea, arrakalak sortu dira hiruren artean, baina batez ere gobernuan dagoen PSren eta babes parlamentarioa eman dioten beste bi alderdien artean. Tentsioak 2019an egin zuen gora, lehen ministroak eskuinarekin adostu baitzuen lan erreforma, eta, ziurrenik, erabaki hori gaurko porrotaren atarikoa bilakatu zen. Desadostasunak geroz eta handiagoak izan baitira.

Alferrikakoak izan dira Joao Leao Finantza ministroak parlamentuko gaurko saioan esandakoak, parean zituen diputatuei ohartarazi baitie ez dela «arriskatzeko eta dena izorratzeko garaia». Bata bestearen atzetik, gobernuko ministro batzuk eta PSko zenbait diputatu BEko eta PCPko ordezkarien iritziak aldatzen saiatu dira, baina, hitzorduak agerian utzi duenez, ez zegoen horretarako aukerarik.

Aurrekontuen alde bozkatu dute PSren 108 diputatuek, eta abstentziora jo dute PAN Pertsonak-Animaliak-Natura alderdiaren hirurek eta bi independenteek. Hortaz, Costari hiru abstentzio falta zitzaizkion arrakasta izateko, baina oposizioko gainontzeko 117ek kontra egitea erabaki dute, aurrez jakinarazi zuten modura; tartean, BEren hemeretziek eta komunisten hamabiek.

Datorren urterako aurrekontuak ziren bereziki garrantzitsuak, EB Europako Batasunaren suspertze funtseko dirua baitzuten oinarri (14.000 milioi euro), eta krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko balioko zutelako; Portugal da, hain justu, barne produktu gordinarekiko zor publiko handiena duen EBko estatu kideetako bat.

BEk eta PCPk Costari egotzi diote arreta handiegia jarri diola defizita murrizteari, eta, horren aurrean, langileentzako onura gehiago eskatu zizkioten, Gizarte Segurantzaren sistema hobetzearekin eta osasun arloan inbertsioa handitzearekin batera.

Horiei erantzunez, Portugalgo lehen ministroak oroitarazi die gobernuak hainbat «kontzesio» egin dizkiela; tartean, datorren urterako gutxieneko soldata 40 euro igotzea. Arazoa zera da: komunistentzat, esaterako, gorakada hori ez dela nahikoa —PCPren abstentzioari esker onartu zituzten aurtengo aurrekontuak, «pandemiaren urtekoak»—.

'Geringonça'-ren amaiera?

Bozketaren porrotak zalantza bat mahaigaineratu du datozen hilabeteetarako: hauteskundeak aurreratzeak geringonça (tramankulua) izeneko aliantzaren amaiera eragingo duen, eta, hortaz, Portugal ziklo politiko berri batean murgilduko den. Gaurko saioan, BEren koordinatzaile nazional Catarina Martinsek adierazi du hiru alderdien arteko blokea «gehiengo osoa lortzeko [PSren] obsesioagatik hil» dela.

2015eko bozetan, gobernua eskuinaren esku gera ez zedin, PSk programa komun bat adostu zuen BErekin eta PCPrekin, bi alderdi horien diputatuen babesaren truke. Hala, Costak gutxiengoan gobernatu zuen legealdia amaitu arte, bi indar horien sostenguarekin.

2019ko hauteskundeetan, PSri egin zion mesede aurreko agintaldiko esperientziak, eta nabarmen egin zuen gora ordezkaritza kopuruan; BEri eta PCPri —PEV Alderdi Ekologista Berdeak-ekin koalizioan aurkeztu zen—, aldiz, ez, eta azkenean hiru indarrek ez zuten programa bateraturik osatu berriz.

Horren ordez, «negoziazio etengabea» lehenetsi zuten, PSk gutxiengoan gobernatzen jarraitzeko; aurrekontuei buruzko elkarrizketa dinamika horren parte izan dira, baina aliatuek Costari egotzi diote ez direla «nahikoa» izan, batez ere eduki eta onarturiko neurri aldetik.

Horiek horrela, Portugalgo hedabideen arabera, Rebelo de Sousak azaroaren 3an edo 10ean bilduko du Estatu Kontseilua, eta horretan adostuko du parlamentua desegitea, berehala hauteskundeetara deitzeko. Printzipioz, datorren urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran egiteko; bien bitartean, Costa izango litzateke jarduneko gobernuburua.

Hori bai, bozak aurreratzeak ez luke zertan gobernabidearen arazoa konpondu; inkesten arabera, PSk bi puntu handituko du bere aldeko babesa, eta BEk eta PCP-PEV koalizioak behera egingo lukete berriz ere. Eskuineko alderdien artean ez da aldaketa handirik espero, eskuin muturreko Chegan izan ezik, parlamentuko hirugarren indarra bilakatuko bailitzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.