Osasuna

Aurreko urteetan baino bronkiolitis kasu gehiago atzeman dituela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak

Bi urtetik beherako umeengan eragina duen infekzio hori «aurreratu» egin dela esan du Osasun Sailak, eta prebentzio neurriak mantentzeko eskatu du.

Bereziki bi urtetik beherako umeengan eragina izaten duen infekzioa da bronkiolitisa. FRANCIS R.MALASIG/ EFE
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 28a
10:49
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, umeen artean bronkiolitisaren intzidentzia handiagoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko urteekin alderatuta. Bi urtetik beherako umeengan eragina duen arnas infekzio bat da bronkiolitisa: katarroaren antzeko sintomak izaten dira, besteak beste mukiak, eztula edo sukarra, baina, hasi eta egun batzuetara, beste sintoma batzuk agertzen dira, hala nola arnasteko zailtasunak, txistu hotsak eta esnea hartzean eragina duen itolarria. Ohikoa da urritik martxora bitartean bronkiolitisaren intzidentzia asko handitzea, bereziki azarotik abendura. Aurten, baina, Osakidetzak ikusi du «aurreratu» egin dela intzidentziaren gorakada hori; zehazki, bikoiztu egin dira sintomatologia hori duten mediku kontsultak. Osasun Sailak uste du COVID-19ari aurre hartzeko iaz ezarri ziren segurtasun neurriek asko apaldu zutela infekzio horren agerpena, eta orain, ordea, neurrien arintzeak areagotu egin dutela intzidentzia.

Osakidetzak hainbat gomendio eman ditu bronkiolitis kasuak prebenitzeko. Hain justu, beste arnas birus batzuk transmititzeko hartzen diren prebentzio neurri berberak betetzeko eskatu du: besteak beste, eskuak sarritan garbitzea, jende asko pilatzen den leku itxietan ahalik eta gutxien egotea, barrualdeak aireztatzea, eta umea gaixorik dagoenean haur eskolara edo eskolara ez eramatea.

Bronkiolitisa larriagoa da 6 hiletik beherako umeetan, eta kutsadura iturri nagusia ume nagusiak izaten dira, askotan neba-arrebak, Osasun Sailetik jakinarazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.