Elikadura

Madrilek debekatu eginen du kaloria kopuru handiko elikagaiak iragartzea haurrentzako publizitatean

Neurria 2022an sartuko da indarrean, eta errege dekretu bidez ezarriko dute. Ohiko euskarrietako komunikabideei ez ezik, sare sozialei ere eraginen die mugak.

Freskagarriak supermerkatuko apal batean, artxiboko irudi batean. WILL OLIVER, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 28a
12:26
Entzun

Osasunerako onuragarriak ez diren elikagaien kontsumoak herritarrei ekartzen dizkien kalteez ohartuta, eta obesitateak urtetik urtera gora egiten duela ikusirik, esku hartzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Kontsumo ministro Alberto Garzonek egin du iragarpena: 2022tik, debekatua izanen da haurrei zuzendutako publizitatean kaloria kopuru handiko elikagaiak iragartzea.

Hala, Hego Euskal Herrian, 16 urtetik beherakoentzako iragarkietan ez da azalduko gozokirik, kaloria askoko edaririk, galletarik, ezta izozkirik ere, besteak beste. Haur eta gazteen begien bistatik urrundu nahi dituzte produktu horiek, osasuna babesten lagundu eta bizimodu osasuntsuago batera hurbiltzea helburu. OME Osasunaren Mundu Erakundearen zenbait irizpideri erreparatuko diete publizitate mota horiek mugatzeko. OMEk zehaztua du herritarrentzat zer elikagai den kaltegarri, eta, beraz, jarraibide horiek hartuko ditu aintzat Madrilek.

Garzonek jakinarazi duenez, neurria 2022an ezarriko dute. Halaber, gaineratu du sare sozialetan agertzen den publizitateari ere eginen diotela so. Errege dekretu bidez sartuko dute araua indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.