Esako urtegia %15ean dago

Iazko datuarekin alderatuta, ia hogei puntu jaitsi da uraren maila Esan.

Ura, atzean, Esako urtegian, urriaren 21ean. JESUS DIGES, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko urriaren 28a
12:30
Entzun

Denon bistakoa da udazkena lehorra izaten ari dela. Urria amaitzear dago, eta euri oso gutxi egin du. Ondorioz, zenbait urtegi ur oso gutxirekin daude urte sasoi hau izateko. Esako urtegiak pairatzen du egoerarik okerrena. Ebroko Ur Konfederazioak astelehenean emandako datuen arabera, Esako urtegian ura %15,4ean dago. 446,9 hektometro kubiko hartzeko gaitasuna du urtegi horrek, eta une honetan 68,8 ditu soilik. Iaz urteko sasoi honetan, %34an zegoen.

Ebro ibarreko beste urtegi batzuen egoera ere ez da askoz hobea. Itoizko urtegia da bigarren urtegirik handiena, eta uraren maila %38,5ean dago. 417,5 hektometro kubiko biltzeko gaitasuna du horrek, eta une honetan iaz baino 55,96 hektometro gutxiago dauzka. Iaz, %52 inguru beteta zegoen Itoiz urrian.

Esakoarekin batera, une honetan Allozko urtegia eta Urdalurkoa dira mailarik txikienean dauden urtegiak. Allotzen %18,7ra iristen da ura, eta iaz garai honetan %36an zegoen. Urdalurko urtegia, berriz, %15ean dago, eta 5,5 hektometro kubiko biltzeko gaitasuna duen arren, soilik 0,8 dauzka. Araban pixka bat hobea da egoera. Uribarriko urtegian ura %55,8an dago, eta iaz urteko garai honetan %68an zegoen.

Allozko urtegia, aste honetan. / Urko Jalle, @navarrameteo.

Urrian, Iruñerriko zenbait lekutan ez dituzte hamar litro ur bildu, eta bostera iristen ez diren tokiak ere badaude. Edonola, eguraldi iragarpenen arabera, aurki bukatuko da lehortea. Gaur Euskal Herri osoa ateri badago ere, bihar aldaketa izango da, eta Euskalmetek iragarri du tenperatura jaitsi egingo dela eta isurialde atlantikoan euria botako duela. Larunbatean, berriz, euria isurialde mediterraneora iritsiko da. Gutxienez, bihar zortzira arte euria egingo duela diote eguraldiaren iragarpenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.