Koronabirusa

EAJk eta PSEk uko egin diote Osakidetzan osasun mentalaren arreta indartzeari

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk baliabide gehiago eskatu dituzte osasun mentala artatzeko, baina aurka egin dute gobernuko bazkideek. Horren ordez, pandemiak buruko osasunean eragin ditzakeen ondorioei «arreta berezia» jartzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea osoko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 28a
13:11
Entzun

COVID-19aren pandemiak herritarren osasun mentalean eragin dituen ondorioei buruz eztabaidatu dute gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Bi proposamen izan dituzte mahai gainean: Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako legez besteko proposamen bat, eta EH Bilduren mozio bat. Biek ala biek eskatzen zuten osasun mentala agenda politikoaren erdigunean jartzeko, eta Osakidetzan baliabide gehiago jartzeko buruko osasuna artatzeko. Haatik, EAJk eta PSEk aurka bozkatu dute, eta bi talde horiek aurkeztutako osoko zuzenketak egin du aurrera. Onartutako testuaren bitartez, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Osakidetzako osasun mentaleko zerbitzuek «arreta berezia» jar dezatela epe ertain eta luzera pandemiak herritarrengan eragin ditzakeen ondorio emozionaletan, eta, bereziki, osasun mentalaren gainean, eta, hala badagokio, berma dezala osasun mentaleko sarearen arreta. Horretarako, Eusko Legebiltzarrak Osakidetzari eskatu dio erabiltzeko osasun mentalaren arloan lan egiten duten «langileen, adituen, eragileen eta elkarteen esperientzia eta ezagutza».

Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezek azpimarratu duenez, koronabirusaren izurriarekin «nabarmen areagotu dira» osasun mentalarekin lotutako arazoak, baina zerbitzuak ez dira aldi berean indartu. Hala, koalizioak neurri sorta bat aurkeztu du: besteak beste, eskatu du osasun mentaleko inbertsioa handitzeko eta programa espezifiko bat onartzeko lehen mailako arretarako zentroetan osasun metalaren prebentziorako. Horrez gain, 2022ko aurrekontuetan baliabide ekonomikoak handitzea proposatu du koalizioak, eta diru hori osasun mentalaren sarera eta arreta psikosozialen moduluetara bideratzeko. Halaber, suizidioei aurrea hartzeko estrategia ebaluatzeko ere eskatu dio Jaurlaritzari.

EH Bildutik, berriz, Maria Gardek Osasun Sailari eskatu dio diagnostiko «sakon» bat egin dezala jakiteko nolako eragina izan duten COVID-19aren pandemiak eta haren ondorioek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren osasun mentalean. Halaber, azterketa horretatik abiatuta, koalizio subiranistak Jaurlaritzari galdegin dio osasun mentaleko estrategia «garai berrietara» egokitzea eta hura indartzea. Bide horretan, gizarteko «kolektiborik zaurgarrienak» lehenesteko ere eskatu dio. Garderen esanetan, garaia da osasun mentala «bazterretik» ateratzeko eta osasun publikoaren «lehen lerrora» eramateko.

PPk ere antzeko eskaerak egin dizkio Eusko Jaurlaritzari bere osoko zuzenketan. Besteak beste, eskatu dio azter dezala nola dagoen herritarren osasun emozional eta mentala izurriaren ondorioz, eta handitu dezala plaza kopurua gastu soziosanitariorako hitzarmenetan. PPren zuzenketak ere ez du babes nahikorik lortu, eta bertan behera geratu da.

Interpretazio «apokaliptikoa»

EAJk eta PSEk, ordea, azpimarratu dute herritarren osasun mentalari buruzko azterlan ugari daudela eta ez dela beharrezkoa Osakidetzak beste diagnostikobat egitea. Halaber, nabarmendu dute osasun sistemak tresna eta baliabide nahikoa dituela buruko osasuna artatzeko. PSEko Ekain Ricok gogora ekarri du EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioak osasun mentalari garrantzia ematen diola, eta Jaurlaritzak baduela landua estrategia bat gai hori lantzeko. EAJko Jon Aiartzak, berriz, herritarren osasun mentalari buruzko interpretazio «apokaliptikoa» egitea egotzi dio EH Bilduri. Aiartzaren ustez, sare publikoak «babesa» ematen dio herritarren osasun mentalari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.