Ekialde Hurbila

Kolono juduentzako 3.000 etxebizitza eraikitzeko proiektuak onartu ditu Israelek

Koloniak Zisjordanian altxatzea aurreikusten du Tel Avivek. AEBetako gobernuak Israelen «kokalekuen hedatzea» gaitzetsi zuen asteartean, bi estatuen konponbidea zailtzen duelako.

Kiryat Arba kolonia, Zisjordaniako Hebron hirian (Palestina). ABED AL HASHLAMOUN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 28a
13:15
Entzun

Israelgo Plangintza Kontseilu Nagusiak kolono juduentzako 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten duten hainbat proiektu onartu zituen atzo, Peace Now Israelgo GKEak baieztatu duenez. Koloniak Zisjordanian altxatzea aurreikusten du Tel Avivek, Palestinaren lurralde okupatuetan. Kontseiluak azken onarpena eman dio kolonoentzako 1.800 etxebizitza gehiago eraikitzeari, eta aurretiko onarpena eman die beste 1.344 etxebizitza egiteko proiektuei.

Peace Now erakundeak nabarmendu du kolonia horietako gehienak Zisjordaniaren «oso barnealdean» eraiki nahi dituztela, eta bakartuta dauden hainbat koloniak «zabalpen masiboa» izango dutela.

AEBetako Gobernuak Israelen kolonizazio politika kritikatu ondorengo egunean hartu du erabakia Plangintza Kontseiluak. Asteartean, «kokalekuen hedatzea» gaitzetsi zuen Joe Biden AEBetako presidentearen administrazioak, «irmoki» haren kontrakoa dela adierazita. Ned Price AEBetako Estatu Idazkaritzako bozeramailearen esanetan, proiektu horien onarpena «guztiz bateraezina da tentsioa apaltzeko ahaleginekin». Horrez gain, ohartarazi zuen bi estatuen konponbidea —Israelen ondoan estatu palestinar bat eratzekoa— posible egiteko aukerak suntsitzen dituela. «Gure ikuspegiaren berri emango diegu zuzenean Israelgo agintariei gure arteko elkarrizketa pribatuetan», gaineratu zuen.

Hainbat hedabideren arabera, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak telefonoz hitz egin zuen asteartean Benny Gantz Israelgo Barne ministroarekin, eta argi adierazi zion AEBen kontrakotasuna.

Baina Washingtonen adierazpen horiek ez dute Naftali Bennett Israelgo lehen ministroa iritziz aldarazi. Aldiz, azken astean Israelgo kolonien hedapenerako iragarpenik garrantzitsuenak egin ditu haren gobernuak Biden Etxe Zurian denetik. Joan den igandean, Tel Avivek enpresa eraikitzaileei dei egin zien dagoeneko azken onarpena baduten beste kolonia batzuk eraikitzeko eskaintzak egiteko. Proiektu horiek beste 1.300 etxebizitza baino gehiago aurreikusten dituzte kolonoentzako, Zisjordaniako lurretan.

Bidenen aurreko gobernuan presidente izan den Donald Trumpen agintaldian, kolonizazio politikekiko jarrera laxoagoa erakutsi zuen Washingtonek. Horiek Palestinaren lurralde okupatuetan eraikitakoak izan arren, Trumpek adierazi zuen ez zirela nazioarteko zuzenbidearen kontrakoak. Presidente ohia Etxe Zurian izan zen denboran, kolono juduentzako 30.000 etxebizitza eraiki zituen Israelek Zisjordanian.

Palestinako erakunde eta eragileek Israelgo gobernuaren urratsa salatu dute. «Bennetten gobernuaren jarrera Netanyahurena bezain muturrekoa da», ziurtatu du Bassam al-Salhe Palestina Askatzeko Erakundeko Komiteko kideak. Washington ere kritikatu du: «AEBetako Gobernuak hitzak eskaintzen ditu, baina ekintzarik ez Trumpek indarrean jarritako politikak aldatzeko».

Bestalde, kolonien auzia erronka eztabaidarako motibo izango da Bennetten koalizio gobernu barnean. Lehen ministroa Yamina eskuin muturreko alderdiko presidentea da, eta joera askotariko beste zazpi alderdirekin ari da gobernatzen, joan den ekainetik. Tel Avivek eman berri duen pausoak baliteke koalizio barneko ezkerreko indarrak eta arabiarrak haserrearaztea, gehiengo estua duen gobernuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.