Eskozia, bigarren erreferendumaren bidean

jon olano
2021eko urriaren 29a
12:37
Entzun

«Jendeak zeresana izatearen oso alde nago, eta, beraz, uste dut independentzia erreferenduma urte gutxiren buruan gertatuko dela (...). Ez dut uste ideia ona denik jendeak ikuspuntua eta iritzia adieraz dezala eragoztea, eta, noski, hori izan behar du demokraziak». Jeremy Corbyn Erresuma Batuko Alderdi Laboristaren lider ohiak atzo BBC irratiari esandakoak dira. 2014ko irailaren 18ko independentzia erreferendumean Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzearen aldeko aukerak irabazi ondoren, bigarren kontsulta bat egiteko asmoa dago Eskoziako agenda politikoan, eta horren adibide dira Corbynen hitzak.

2014ko kontsultaren emaitzak ez zuen Eskoziako independentismoa ahuldu, eta, kontrara, SNPk hauteskunde guztiak irabazi ditu harrezkero. Azkena, joan den maiatzean; Eskoziako Parlamentuan 64 diputatu eskuratu zituen 129tik, eta Alderdi Berdearekin akordioa egin eta gero, independentistek gehiengo absolutua dute Holyrooden. Bi alderdien arteko hitzarmenean jasota dago erreferendum bat egiteko konpromisoa, eta Nicola Sturgeon lehen ministroak 2023. urtea amaitzerako antolatu nahi du.

Haatik, duela zazpi urte izan ez zuten eragozpen bat dute orain bigarren bozketara bidean: Erresuma Batuko Gobernua eta Boris Johnson lehen ministroa ez daude, oraingoz, galdeketa hori onartzeko prest. Behin eta berriz errepikatu du ez duela oniritzia emateko asmorik, erreferendumak urte batzuetarako itxi zuela Eskoziako independentziaren auzia, baina SNPk bozetan izandako arrakastak hainbat galdera uzten ditu zabalik: noiz arte egon daiteke Erresuma Batuko Gobernua bigarren bozketa egiteko baimena ukatzen? Zenbat denbora itxaron dezake Eskoziako Gobernuak baimen hori, bidean independentismoaren parte batek pazientzia galdu gabe? Bitartean igarotzen den denbora horrek nola eragin dezake independentismoaren eta unionismoaren babesean? Erreferenduma egingo bada, noiz? Nola bizi du gizarte mugimenduak eztabaida hori? Galdera horiei erantzuten saiatu da BERRIA igandean argitaratu den erreportaje sortan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.