Sexu abusuak

Izan elkartea sortu dute, intzestua jasan dutenek «hitza aska dezaten»

Haurrean sexu abusuak jasan zituelakoan, Marie Goitik erabaki du elkartea sortzea. Nahi dutenentzat solas tailerrak proposatu ditu Ipar Euskal Herrian.

jarraia205216.jpg
Iñaki Etxeleku.
2021eko urriaren 29a
15:52
Entzun

Haur ttipia zen Marie Goiti burasoengandik sexu abusuak jasan zituelarik. Bizirik irauteko bezala, barnean gorderik eta ahantzirik atxiki du duela zenbait urte arte. Lehen haurraz erditu zenean atera zitzaion tanpez trauma berriz. “Pertsonen arabera ez da berdin ateratzen, baina nik fisikoki sentitu nuen jasan nuena. Amnesia traumatiko hori gorputzak tapaturik atxiki zuen”.

Gertatu zitzaiona hitzez izendatzeko, zortzi urteko lan luzea behar izan du egin Goitik. “Ezin da hitza askatu, ez bada lan luze bat egin lehenago”, aitortu du. Frantzian, Camille Kouchnerren La familia grande liburuak bildu oihartzun handiak gaia berriz ekarri du aitzinera. Anaiak haurrean jasan intzestua kontatu du liburuan. Halakoak pairatu dituztenentzat inarrosaldia izan da egin duen haro mediatikoa, Goitik dioenez. “Intzestua edo bortizkeria sexuala jasan dutenei barneak inarrosi dizkie berriz. Guhaurren historiaren parean jartzen gaitu berriz”. Goitik, pertsonalki zertan zen neurtu zuen orduan. “Fase guziak iraganak nituen; haserrearena iragana zen, eta barneko egiaren libratzeko heinera heldua nintzen”. Berak egin bide hori partekatzeko eta horretara heltzen besteen laguntzeko nahi izan du Izan elkartea sortu, irailean. Lanbidez, familia konstelazioko edo belaunaldiarteko familia teraupeuta da Goiti, Senperen.

Zailtasun bat gehitzen baitzaio kontzientzia hartzeari: bakartasuna. Goitiren burasoek ukatu zuten berehala abusatu zutela, eta haurrideek ere gertatu zela. “Biziki bakarrik sentitzen zara momentu horretan. Hain da zaila horren entzutea familiarentzat ere; kanpoko jendearen beharra dugu entzunak izateko”. Terapeuta anitzengana joan zen orduan, asko irakurri, eta meditatu. “Biziki esperientzia mingarria izan da, baina aldi berean aberatsa”.

Biktimak eta hurbilekoak

Intzestua edo sexu bortizkeriak pairatu zituztenentzat entzuteko eta mintzatzeko egiturarik ez zelakoan nahi izan du Izan elkartea sortu Goitik. “Zerbitzu juridiko bat bada, bortizkeria sexisten kontrako zerbitzuak badira, baina ez intzestu eta sexu bortizkerientzat”. Gauzen diren bezala izendatzeko ere balio izan duela dio. “Erreakzio orotarik sortzen du; gai horiek beldur ematen dutelako oraino. Jendea jenatua da, baina, halaber, agerian ezarri behar da”.

Izan elkartearekin hasiak dira lanean, eta lehen tailerrak egin dituzte. Bi Baionan eta bat Biarritzen. Jendea hurbildu da eta mintzatzen hasi. “Ikusi da zein inportantea den partekatzea, sentitzea entzuna zarela”. Abusuak jasan dituztenen baitan, maiz, ahalkea sartua dela esplikatu du Goitik. Ahalke horren ateratzeko ere eraginkorrak zaizkio solas talde horiek. “Funtsezkoa da emozio horien partekatzea”.

Ez dute denek baitezpada berehalakoan urratsa eginen, Goitiren arabera. Sare sozialetan Izanen berri zabaldu dute, eta, horrekin, helbide elektroniko bat ([email protected]) jendeak mezuak bidal ditzan. “Hori, eta ahoz ahokoa ongi ibiltzen da. Ohartu gara informazioa izanik ere jende batek denbora behar duela. Anitzek mezu elektronikoak bidali dizkigute, eta astia hartuko dute etortzeko; zinez prest direla sentituko dutenean”.

Orain arte agertu direnak, nagusiki, emazteak izan dira. “Gehiengoa emazteak dira, baina badira gizon batzuk ere. Elkartea irekia da denei”. Izan biktima, izan biktima baten hurbilekoa ere, funtsean. Askazi hurbilentzat biziki lagungarri gerta daitezke tailerrak, Goitiren ustez, frankotan isildua baitute ikusi edo jakin dutena; haurride edo familiako bati gertatua. “Sobera bortitza zaie egia horren entzutea. Lekukoek ere badute beren trauma”. Ondorioz, hitza lasaiki hartzen ahalko duten gunea izan daiteke Izanen tailerra. Abusua gertatu dela aitortzeak korapiloak libratzen dituelako. “Bestearen aitortzak mina eztitzen laguntzen dio biktimari. Barkatzerako bidea errazago egiten du. Eta ikusi dutenek aitortzen badute, erran nahi du solasa posible dela. Ukazioan badira, ez dute entzun nahi”.

Barnealdera ere

Izan elkartea sortu den hilabete berean gertatu da, Frantzian, Haurrean jasan Intzestu eta Sexu Bortizkerien Batzorde Independenteak banakako telefono elkarrizketatarako zerbitzua zabaldu duela. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 19:00etara behar duenak dei dezake, geroztik, telefono zenbaki honetara: 0 805 802 804. Banakako elkarrizketa horiek eta Izanek egin talde solasak ez dira gauza bera, edo biktimentzat ez mota bereko lanak. “Banakako elkarrizketa horiek biziki momentu onak dira, pertsonak ez baitu oraino talde batean parte hartzeko ahalik. Esklusibotasun horren beharra du”. Konfiantza harturik, gero aiseago zaio solas talde batera joatea, Goitik dioenez. Solas tailerrak gehienez sei lagunekoak dira.

Sortzez Baxenabarrekoa da Goiti, eta Ipar Euskal Herriko barnealdera joateko gogoa du solas tailerrekin. Gelak aurkitzea salbu. Baina menturak agertu dira. “Barnealdeko emazte batek deitu gaitu gela bat proposatuz. Sendi da behar bat badela, eta jendeak ateak irekitzen dizkigu”. Beharrez, herriko etxeetara joanen da Izan, elkartekoak deliberatuak baitira lurralde guzira hedatzeko. “Prest gara herriko etxeak errealitatearen aitzinean ezartzeko. Baina horiek ere ateak zabalik dituzte, maiz”.

Sortu bezain laster diru biltzeko dei bat zabaldu zuen Izan elkarteak. Hiru kideak boluntario gisa ari dira, baina “tailer kolektiboentzat, laster, kanpoko parte hartzaileak beharko dira”, erran du Goitik. Gaikako tailerrak egiteko. “Kanpoko parte hartzaile horiek ez dira urririk ariko”. Halaber, haurrak sentsibilizatu nahi ditu elkarteak gaiari. “Badira hitzak, bai, baina haurrekin begiz ikusteko euskarri bat behar da. Horrek kostu bat badu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.