Bertsolaritza

Imanol Uria nagusitu da Elorrion, Bizkaiko bosgarren kanporaketan

Bizkaiko txapelketako finalaurrekoetan kantatuko du bertsolari algortarrak. Nafarroako txapelketako lehen finalaurrekoa, berriz, etzi jokatuko dute, Altsasun.

Imanol Uria kantuan, Elorrion. ARITZ LOIOLA / FOKU
Erredakzioa
2021eko urriaren 30a
21:57
Entzun

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bosgarren kanporaketa jokatu dute Elorrioko Arriola antzokian. Sei bertsolari aritu dira kantuan: Aitor Arrutia Azkueta, Igor Galarza Intxausti, Imanol Arrutia Azkueta, Imanol Uria Albizuri, Iñaki Iturriotz Zuluaga eta Peru de Pedro Larrea. Uriak batu ditu puntu gehien, 494. Hala, azaroaren 21ean Etxebarrian jokatuko den finalaurrekoan kantatuko du bertsolari algortarrak. Haren atzetik sailkatu dira Iturriotz (442,5 puntu), Galarza (427), Aitor Arrutia (419), Imanol Arrutia (415) eta De Pedro (394,5).

Hurrengo igandean jokatuko da txapelketako azken final laurdena, Getxoko Muxikebarri zentroan, 17:00etatik aurrera. Beste sei bertsolari ariko dira kantuan bertan: Enare Muniategi Etxabe, Eneko Aldana Carrasco, Josune Aramendi Perez, Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria, Malen Amenabar Larrañaga eta Unai Mendiburu Valor. Saio horren ondotik helduko dira hiru finalaurrekoak, Etxebarrian ez ezik, Galdakaon (azaroaren 27an) eta Larrabetzun (abenduaren 4an) jokatuko direnak. Eta Bilbon izango da finala, abenduaren 18an.

Altsasuko saioa, etzi

Nafarroako Bertsolari Txapelketak, berriz, etzi ekingo dio finalaurrekoen faseari, Altsasun. Iortia Kulturguneak hartuko du hiru finalaurrekoetan lehena —Berriozarren (azaroaren 6an) eta Leitzan (azaroaren 14an) izango dira hurrengo biak—. 17:30ean hasiko da saioa, eta sei bertsolarik kantatuko dute: Eneko Fernandez Maritxalar, Erika Lagoma Pombar, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Endika Legarra Nuin eta Oier Lakuntza Irigoien. Gaiak jartzen, berriz, Fernando Anbustegi Goñi ariko da.

Altsasun nagusitzen den bertsolariak zuzenean lortuko du azaroaren 28an Iruñean jokatuko den finalerako txartela. Gainerakoek finalaurreko guztiak bukatu arte itxaron beharko dute sailkatzen ote diren jakiteko. Denera, hemezortzi bertsolarik parte hartuko dute finalaurrekoetan, eta zortzi sailkatuko dira finalera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.