Albistea entzun

Bertsolaritza

Odei Barroso Gomilak irabazi du Xilabako azken finalerdia

Izpurako saioan erabakita geratu da azaroaren 13an Donibane Lohizuneko finalean kantatuko duen seikotea.

Odei Barroso eta Johaine Sarraillet zutik, Izpurako saioan parte hartu duten gainerako bertsolariak atzean dituztela.
Odei Barroso eta Johaine Sarraillet zutik, Izpurako saioan parte hartu duten gainerako bertsolariak atzean dituztela. Bob Edme Tamaina handiagoan ikusi

Hodei Iruretagoiena -

2021eko urriak 30

Erabakita geratu da 2021eko Xilaba Bertsolari Txapelketako finala. Odei Barrosok irabazi du Izpurako (Nafarroa Beherea) saioa, eta honako bertsolariek osatuko dute finaleko seikotea: Amets Arzallus Antia, Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Hiribarren. Azaroaren 13an egingo dute Xilabaren banakako seigarren aldiko finala, Donibane Lohizunen (Lapurdi).

Taldekakoak izan dira azken bi txapelketak. Banaka jokatutako azkena 2016koa izan zen, eta Sustrai Colinak jantzi zuen txapela orduko hartan, buruz burukoan Amets Arzallusekin aritu ondoren. Aurtengo seikotetik lau lehen ere finaletan aritukoak dira, baina badira bi estreinakoz kantatuko dutenak: Maddi Ane Txoperena eta Patxi Iriart. Seigarren postua ez zegoen merke aurtengoan: puntu erdiren eta puntu eta erdiren faltan geratu dira Aitor Servier eta Egoitz Zelaia.

Izpurako azken finalaurrekoan, 150 entzuletik gora izan dira Faustin Bentaberri gelan. Joana Itzainaren esanetara, saio polita egin dute sei bertsolariek, eta hala geratu da sailkapena azkenean: Odei Barroso Gomila (516,5 puntu), Patxi Iriart Hiribarren (494,5), Egoitz Zelaia (493), Maindi Murua Berra (470), Gillen Hiribarren (468) eta Johaine Sarraillet (441,5).

«Hitza neurtzen hasten delarik ez da izaten librea/ baina libreki egin nahi nuke gaurko saioan nirea/ Lohizunek eta finalak ditu hainbat bertsolari beha/ baina helmugarik ez dut jarri nahi helmuga baitut bidea», kantatu du saioko irabazleak lehen agurrean. Eta egin du berea Barrosok. Hasieratik amaierara erakutsi du bere maila, eta nabaritu da azken emaitzan ere. Iriartek, berriz, berezko duen umoreari heldu dio ahal izan duen ariketa guztietan, baita bakarkako lanean ere, eta kolpe ederrak utziz, saio txukuna osatu du azkenean.

Eutanasiaren aldeko bi militanteren azalean jarri dituzte biak zortziko handian: «Gaur, lagun batek hiltzeko laguntza galdegin dizue». Egoeraren larria ondo irudikatu dute ofizioa hasterako. «Nahiz ideian arras sinplea galdegin digun gestua/ bere galdea aditu eta dardarka daukat eskua», kantatu du Iriartek. «Taupaka daukat bihotza», esanez hasi zaio erantzuten Barroso: «Bizi luzea ez du izan ta, nahi luke heriotz motza/ eutanasia batzuentzako nahiz ta dugun gai arrotza/ hari beraren bi punta dira bizitza ta heriotza». Egin beharrekoa nola egin, ados jarri dira biak. «Nik muxu emanen diot kopetan, zuk itzal zazu makina», proposatu du Barrosok, eta «atea zaindu ezazu zuk ta makina hori nire kondu», esanez amaitu du Iriartek.

Zelaia eta Sarraillet, berriz, etxeko terrazatik autoei begira jarri dituzte, eta ohartu dira gidaria besterik ez dela auto guztietan. «Natura oso jakintsua da, gizakia ez hainbeste», esanez hasi da Zelaia, eta bide beretik jarraitu dio Sarrailletek: «Keinu ttipiek ingüamenai untsa ez egiteko traba/ auto handiak ez du balio, hutsik-hutsik egoiten bada».

Hiribarrenek eta Iriartek saio polita egin dute zortziko txikian. Lehenak bigarrenari landareak eskaini dizkion guztietan, ihartu eta hil egin zaizkio. Gaur ere berriz heldu zaio landare bat eskuan. «Hortan ona zirela pentsatua dut nik/ Laborantza Ganberan langile izanik», zirikatu du laguna Hiribarrenek. Erantzuten asmatu du Iriartek: «Hau’re ustelduko da eta bapatean/ zuzenean ezarri zazu konpostean».

Bide ugari bakarkakoan

Hamarreko txikian, ikaskide izandako bi lagunen azaletik aritu dira Iriart eta Murua. Lehenak bi hamarkada igaro ditu preso, eta lehenengoz egin dute topo kafe baten bueltan. «Kafe hau berdin pixkat zaila izango da/ aipatu nahi al duzu lehengo denbora», galdetu dio Muruak. Iriartek: «Nik oraingo denbora nahi nuke aipatu/ mundua ez duzue biziki aldatu».

Kartzelako bakarkako gaiak hala zioen: «Suhiltzaile bolondresa izatea erabaki duzu. Lehen deia ukan berri duzu». Bide beretik hartu dute lehen bi bertsolariek: haurdun zen emakume bati laguntzeko deia jaso dutela kantatu dute Hiribarrenek eta Muruak. Pandemiaren testuingurua baliatuz osatu du haria Zelaiak: «Halakoetan pertsonak eman behar du bere onena/ eta nik ere egin nahi nuke nire esku dagoena». Sarrailletek, aldiz, familia bat laguntzeko deia jaso duela kantatu du, eta katu bat erreskatatu behar zuela eta, umorez heldu dio Iriartek.

Bakarka ere Barrosok egin du lanik osoena, sute batera deitu dutela azalduz: «Lehen deia izan da hau sua bertan eta ni han/ horrenbeste kezka daukat ene barnean dilindan/ sua itzaltzera noa ta sua daramat nigan». Hari berari tiraka biribildu du lana: «Erakutsi beharko nuke jarrera ona segurra/ mangera atera eta itzali suan muturra/ baina biak sentitzen ditut ardura eta beldurra».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Inazio Mujika, Aintzane Atela, Miren Arratibel, Manu Lopez eta Joxean Muñoz, gaur goizean, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Edith Wharton batu da Literatura Unibertsala bildumara

Itziar Ugarte Irizar

Egile estatubatuarraren 1911ko ‘Ethan Frome’ nobela laburra euskaratu dute Miren Arratibelek eta Aintzane Atelak. Izen bereko pertsonaiaren gorabeherak ditu ardatzean.

Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Euskal Herrira itzuliko da gaur Patti Smith

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.

Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...