Euskal gatazka
'Hipotesi demokratikoa' dokumentala ondu du Thomas Lacoste zinemagileak
Dokumentalak euskal gatazka du hizpide, zehazki, haren aterabide demokratikoa. Ofizialki 2022ko udaberrian estreinatuko dute. Trailerra, albistearen barruan.

«Dokumentalak lehen aldiz eskaintzen du Europa mendebaldeko azken gatazka armatuaren eta haren irtenbide politikoari buruzko kontakizun sentikor bat». Hala aurkeztu dute Hipotesi demokratikoa dokumentala, Thomas Lacoste zinemagile frantziarraren azken lana. Hainbat hilabetez jardun du proiektu horretan lanean, eta jada ikusgai dago trailerra.
Trailer horretan ikus daitezke dokumentalaren protagonistak. Tartean da Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, gatazkan zeresana izan duten beste hainbat pertsonarekin batera: Paul Rios Lokarriko koordinatzaile nagusi ohia, Eugenio Etxebeste ETAko kide ohia, Iñaki Anasagasti EAJko senatari ohia, Anaiz Funosas Bake Bideako presidentea, Gerry Adams Sinn Fein-eko presidente ohia, Brian Currin Hego Afrikako abokatua edota Amaia Muñoa ELA sindikatuko kidea.
Dokumentalaren aurrerapena, lehen aldiz, azaroaren 12an proiektatuko dute Baionan, eta urtarrilean gauza bera egingo dute Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan. Ondoren, 2022ko udaberrian estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian eta Frantzian.
Dokumentalari buruzko iritzia eman du Ken Loach zinemagile ospetsuak: «Pozik nago film hau ezagutu ahal izan dudalako. Lagungarria da bertan agertzen diren pertsonek euskal gatazka zergatik parte hartu zuten ulertzeko. Hausnartutako kontakizun bat da, sakrifizio asko egin dituztenen ahotik kontatutakoa. Nabarmena da haien zintzotasuna».
Hortaz gain, gehitu du dokumentalaren erdigunea dela demokraziaren gaia, eta protagonisten erritmoak errespetatzen dituela: «Oso baliagarria da, eta ziur nago hainbat urtetan zehar ikusia izango dela», amaitu du.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.