COP26

Guterres: «Utz diezaiogun gure burua karbonoarekin hiltzeari»

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak nazioarteari eskatu dio konpromisoa har dezala berotegi gasen isuria %45 murrizteko 2030 urterako. Indiak 2070 urtera arteko epea iragarri du karbonoan neutro bihurtzeko.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa eta Antonio Guterres NBEko idazkri nagusia, gaur, Glasgown, COP26 goi bileraren inaugurazio ekitaldian. ROBERT PERRY, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 1a
16:44
Entzun

Mundu oso bat bildu da gaur Glasgown (Eskozia), COP26 klima larrialdiari buruzko nazioarteko goi bileran. 200 bat estatutako agintariak hasi dira iristen hirira, azaroaren 12ra arte luzatuko den bilkuran parte hartzeko, eta alertarako dei batekin hartu ditu Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. «Nahikoa da esateko unea da», nabarmendu du inaugurazio ekitaldian. «Utz diezaiogun biodibertsitatea zakar tratatzeari, utzi diezaiogun gure buruak karbonoarekin hiltzeari, utz diezaiogun natura komuneko zuloa bailitzan erabiltzeari [...] eta gure hilobiak zulatzeari».

COP26ren helburuak zein izan behar duen finkatu du agintarien aurrean: «1,5 graduren helburua bizirik mantentzea». Adituen ustez, Glasgowkoa azken aukera izan daiteke Lurraren berotzeak mende amaieran 1,5 graduko tenperatura gainditu ez dezan. Egungo konpromisoekin, helburu hori betetzetik urrun daude herrialdeak: 2,7 gradu beroagoa litzateke planeta 2100 urtean. Mendea amaitzen denerako Lurra gehienez 1,5 gradu berotu dadin —industriaurreko tenperatura hartzen da erreferentzia gisa— zientzialariek ezinbestekotzat jotzen dute 2050erako karbono neutraltasuna lortzea eta 2030erako berotegi gasen isuriak nabarmen murriztea. Indiak bestelako epe bat ezarri dio bere buruari. Neutraltasuna 2070erako beteko duela iragarri du gaur. 2060an dute ezarria muga Txinak eta Errusiak. Lau isurtzaile handienetan daude hirurak, AEBekin batera.

Hamarkada amaitzen denerako isuriak %45 murrizteko eskatu die Guterresek agintariei, eta itxaropen faltsuen arriskuaz ohartarazi du. «Klimari buruzko iragarpen berriek aditzera eman dezakete egoera gainditzen ari garela». Hori, baina, «ilusioa» besterik ez da NBEko buruaren esanetan. «Erregai fosilekiko daukagun mendekotasunak muturreko egoerara darama gizadia». NBEko buruak ohartarazi du estatuek egin dituzten azken promesak erabat beteko balituzte ere —eta horietako batzuen inguruan «zalantza argiak» daudela zehaztu du—, «egoerarik baikorrenean, tenperatura bi gradu baino dezente gehiago igoko litzateke»,eta horrek «hondamendia» ekarriko luke.

Agintariek klima larrialdiari aurre egiteko neurri ugari iragarri dituzte azken urteetan, baina horietako asko ez dituzte bete. Hori dela eta, herritarrek «sinesgarritasun defizita eta nahaste superabita» dute aurkezten diren konpromisoekiko. Guterresek isuriak murrizteko promesak neurtuko dituen irizpideak proposatzeko aditu talde bat sortuko duela jakinarazi du.

«Amaieraren hasiera»

Inaugurazio ekitaldian hitza hartu du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ere, goi bileraren anfitrioi gisa. Johnsonek adierazi du COP26k ez duela klima larrialdiaren amaiera ekarriko, baina «amaieraren hasiera» izan behar duela.

Parisko Hitzarmenak (2014) jarri zuen lehen mugarria, berotegi gasen isuriekin amaitu eta mende amaierarako berotzea 1,5 gradura mugatzeko helburuak ezarrita. Baina hitzarmen hori «berriketa besterik ez» da izango agintariek COP26 «errealistak izateko unea» bihurtzen ez badute. «Porrot egiten badugu, gure seme-alabek ez digute barkatuko. Saminez epaituko gaituzte, eta arrazoi izango dute».

Lurraren berotzeak izan ditzakeen ondorio larriak gogorarazi ditu Johnsonek. «Bi gradu gehiagorekin, arriskuan jarriko dugu elikagaien hornidura. Hiru gradu gehiagorekin, kontrolik gabeko sute gehiago izango dira eta bost aldiz lehorte gehiago. Lau gradu gehiagorekin, agur esango diegu Miami edo Alejandria bezalako hiriei».

Hartu beharreko neurririk garrantzitsuenak lau arlotan laburtu ditu COP26rako aukeratu duen leloan: «Ikatza, autoak, dirua eta zuhaitzak». Ikatza, erregai fosilak baztertzeko beharrarengatik; autoak, ibilgailuek erregai fosiletatik elektrizitatera jauzi egiteko beharrarengatik; dirua, klimaren kontrako konpromisoak betetzeko, garabidean diren herrialdeek estatu aberatsenen laguntza ezinbestekoa izango dutelako; eta zuhaitzak, basoak handitzea nahitaezkoa izango delako karbono isuriak neutralizatu ahal izateko». Helburuak lortzea «zaila» izango dela aitortu du Erresuma Batuko gobernuburuak, baina egingarria dela ziurtatu du.

Herrialdeek dituzten interes partikularrak oso desberdinak dira elkarren artean, eta hori oztopo handi bat izango da akordiorako. Aldea begi bistakoa da, esaterako, beren ekonomiaren zati handi bat erregai fosilen ekoizpenean oinarritzen duten estatuen eta klima larrialdiaren ondoriorik larrienak jasango dituztenen artean, edo orain arte karbono kopuru handiak isuriz garatu diren herrialde aberatsen eta garabidean daudenen artean. Horrez gain, COVID-19aren pandemiak ez ditu gauzak erraztuko. Agintarien arteko bilerak eten egin dira pandemia garaian, eta eztabaidarako agendak gai zerrenda luzeekin daude beteta. Neurriak hartzeko premiak bultzatu beharko ditu akordiora. Negoziazio horietan, ez dira presente izango Xi Jingping Txinako presidentea, Vladimir Putin Errusiakoa eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoa.

Fridays For Future mugimenduak, berriz, elkarretaratze bat egin du goi bilera egiten ari diren gunearen ondoan, eta, bertan, Greta Thunberg ekintzaileak nabarmendu du aldaketa ez dela bilkuratik etorriko. «Lidergoa hemen kanpoan dago, eta ez COP26aren barruan». Haren esanetan, Glasgowko konbentzioa aurrekoen «berdina» izango da. «Ez gaitu inora eramango». Egungo «eredu ustiatzailea» da aldatu beharrekoa, Karen Watson talde bereko kidearen iritziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.