Teknologia

Eremu bat okupatu dute Donamartirin, 5G sartzeko aukera emango lukeen antena bat galarazteko

Arberua Bizirik taldeak egin du ekintza. 50 bat pertsona bildu dira, estalpe bat jarri dute, eta borda bat bilkura gune gisa antolatu dute.

5G hedagailuaren kontrako ekintzaileak, okupaturiko eremuko bordan. EUSKAL IRRATIAK
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 2a
10:10
Entzun

Behar den denbora egoteko prestatu dira. Gaur goizean, 50 bat ekintzailek Arberoako Donamartiriko (Nafarroa Beherea) lursail bat okupatu dute, 5G telefonia sartzea ahalbidetuko lukeen antena bat han jartzea galarazteko. Hilabeteak daramate eskualdeko hainbat herritar protestan, teknologia hori sar ez dezaten.

Afezetxe sendiaren eremua okupatu dute, jabeek eskatuta. Estalpe bat jarri dute, eta eremuan dagoen borda bat prestatu dute bilkuragune gisa. Arberua Bizirik taldeak gauzatu du okupazioa. Taldearen izenean Jon Eierabidek azaldu zien joan zen ostiralean Euskal Irratiei teknologia horren kontra dituzten arrazoiak: 5Gk ahalbidetuko duela, besteak beste, etxeko tresnak Internetera konektatuta egoteak eta komunikazio konpainiek norberaren datu pribatuekin egingo duten trafikoak kezkatzen duela. Horrez gain, osasunaren inguruko kezkak dituztela azaldu zuen. Teknologia horrek sortzen dituen «kalte ekologikoak» aipatu izan dituzte taldeko kideek: lehengaiak urrutitik ekarri behar direla, eta askoz energia gehiago kontsumitzen duela. Eskualdean 4G zabalduta dago, eta ondo funtzionatzen duela adierazi du Florient Afezetxe lurraren jabeak. 5G lantegi handientzat, gidaririk gabeko autoentzat eta droneen bidez egindako banaketarako dela nabarmendu du, eta Arberoan halakoren beharrik ez dagoela adierazi du.

Martxoaren 29an bilkura egin zuten bailaran, eta 5G teknologia zabaltzearen kontrako jarrera hartu zuten inguraturiko herritarrek.

Kontratua sinatuta

Afezetxe sendiaren afera 2016-2017an hasi zen. Free telekomunikazio konpainiarekin kontratua sinatu zuten, eremu horretan antena bat jartzeko. Adierazi dutenez, orduan, 4G teknologia izango zela esan zieten, eta telefono seinalerik ez duten guneetara hura heltzen lagunduko zuelakoan onartu zutela. 5G izango zela jakin zutenean, atzera egin nahi izan zuten, ordea. Baina konpainiak ez die onartu,

Donamartiriko alkate Antton Larraburuk adierazi du Departamenduko Kontseiluak esan diola ez dutela 5G antena eraikitzeko asmorik, baizik eta 4G Plus teknologiakoa, eta horrek funtzionatzeko aukera emango diela 5G teknologia erabiltzen duten sakelakoei. Ekintzaileentzat, berriz, 5G sartzeko Troiako zaldi bat litzateke hori.

Ekintzaileek adierazi dute okupazioari gau eta egun eusteko asmoa dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.