Koronabirusa

EAEko Auzitegi Nagusiak eutsi egin dio zinema aretoetan jateko eta edateko debekuari

Argudiatu du zinema aretoek ez dutela frogatu neurri horrek eragiten dien kaltea konponezina dela.

Donostiako Trueba aretoetako langile bat, jarlekuak garbitzen, abuztuan. GORKA RUBIO, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 2a
14:08
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak eta Espainiako Zinemen Federazioak zinema aretoetan goxokiak eta freskagarriak jateko debekuaren kontra ezarritako helegitea. Gaur aztertu dute eskaera Luis Angel Garrido, Josean Angonio Gonzalez eta Emilio Lamo de Espinosa epaileek, eta atzera bota dute adieraziz ez dutela frogatu debekuak eragiten dien kaltea konponezina dela.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak urriaren 6an argitaratu zuen debeku hori ohiko programazioan sartzen diren kultur ekintzetan. Zehazki, prebentziorako bigarren eta bosgarren neurrietan jaso zuen Gotzon Sagardui Osasun sailburuak. Iñigo Urkullu lehendakariak amaitutzat emana zuen larrialdi egoera, baina «normaltasun berrian» zenbait neurrik indarrean jarraitu zuten. Horien artean, hainbat zinema areto biltzen dituzten bi elkarteek salatu zutena.

Bigarren puntu horretan adierazi zuen, hain zuzen, leku publiko itxietan maskara derrigorrezkoa dela sei urtetik gorakoentzat, metro eta erdiko distantzia mantendu ezin denean, eta bosgarren puntuan zehaztu zuen jateko eta edateko debeku hori kultur, kirol eta gizarte ekintzetan; soilik leku itxi horietan dauden ostalaritza guneetan baimendu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Zinema aretoek goxokiak jateko eta freskagarriak edateko debekua kentzeko eskatu zuten, argudiatuz atzera ezineko kalte ekonomikoak ekarriko dizkiela, eta administrazioak ezingo diela horren ordaina eman. Jaurlaritzak erantzun zuen kalte hori ez dela konponezina, eta gune itxi horietan jateko eta edateko maskara kendu behar izateak han daudenak arriskuan jar ditzakeela.

Epaileek ebatzi dute debekuak zinema aretoei eragin diezaieken kaltea ez dela konponezina, eta administrazioak ordaindu ahal diela. Epaileek zehaztu dute, ez dutela frogatu konponezina dela kaltea, eta egindako kalkulu ekonomikoak ez duela oinarri dokumentalik. Gaineratzen du kalte hori kalkulatzeko aurkeztu duten txostena eurek auzi horretarako propio eginikoa dela.

Lehenago ere, hainbat zinema areto biltzen dituzten bi elkarteek neurri hori behin-behinean bertan behera uzteko eskatu zuten, baina urriaren 26an bota zuten eskaera hori ere atzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.