Ingurumena

Jaurlaritzak %15era murriztu nahi ditu zabortegietara doazen hondakinak 2030. urterako

Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Plan berriak jasotzen duenez, zerga bat ezarriko zaie zaborra eragiten eta erretzen duten enpresei.

Gasteizko Gardelegiko zabortegia. JUANAN RUIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 2a
14:09
Entzun

Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko plana aurkeztu du gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak gobernu kontseiluaren ostean. 2030. urtera bitartekoa da plana. Besteak beste, plan horren bitartez Jaurlaritzak datozen urteetan %30 murriztu nahi du sortzen den hondakin kopurua, eta birziklatutako hondakin ez-arriskutsuen proportzioa %85era iristea nahi du; bide batez, planak helburu gisa jarri du %15era gutxitzea zabortegietara doazen hondakinak. Hiri hondakinen gaikako bilketa %85eraino handitzeko helburua ere ezarri du Jaurlaritzak. Plana aurrera eramateko, 97 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du datozen urteetan.

Planak jasotzen duenez, 2030. urtera bitartean 4 milioi metro kubo isurtzeko ahalmena egongo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irekita dauden hamar zabortegietan, Zaldibarko gertakarien eta Mutiloako eta Larrabetzuko zabortegiak itxi ostean. Jaurlaritzak aurreikusi duenez, 7,5 milioi metro kubo hondakinentzako lekua beharko du hiru herrialdeetako ekonomiak 2030erako. Hondakinen isurketa %37tik %15ra murriztu nahi du hamar urtean, eta horretarako egun martxan diren zabortegiak «egokitu» beharko direla dio Jaurlaritzak.

2030.urtera arte aurreikusita dauden jardueren artean, berriz, Jaurlaritzak kanon edo zerga bat ezarri nahi die hondakinak isuri eta errausten dituzten enpresei, «hondakin bat isurtzea birziklatzea baino merkeagoa» izan ez dadin. Halaber, helburuen artean jarri du inbertsioak egitea isurpenak gutxitzeko eta hondakinak bigarren mailako material gisa berrerabiltzea sustatzeko. Hala, xede nagusia da industria hondakin ez-arriskutsuak %60 murriztea.

Industria hondakinak tratatzeko hamar proiektu edo planta eraikitzeko aukera aztertzen ari direla jakinarazi du Tapiak. Kluster eta sektore ezberdinekin elkarlanean egin nahi du hori. Aurreratu du plastikoak, fundizioko hondarrak, altzairutegietako eskoriak, papera eta lurrak kudeatzeko plantak izango direla, eta era askotakoak izango direla instalazioak– enpresa pribatuen eskutik etorriko dira batzuk eta publikoaren parte hartzea izango dute beste batzuk–. Bergaran (Gipuzkoa) paperaren industriak sortzen dituen hondakinak tratatzeko planta dago hamar horien artean. «Aurreratuen» dagoen proiektua da hori, Tapiak azpimarratu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.