Hamabost hilabeteko zigorra ezarri diote gizonezko bati, Barañainen 88 urteko emakume bat autoarekin harrapatzeagatik

Fiskalaren eta defentsaren akordioaren osteko epaiaren arabera, akusatua ez zebilen adi, eta, beraz, ez zituen «zirkulazio-arreta arauak» betetzen.

Iruñeko zigor arloko laugarren aretoaren kanpoaldea. Artxiboko irudia. IñIGO URIZ/ FOKU
unai etxenausia
2021eko azaroaren 2a
15:52
Entzun

Hamabost hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote Burlatako (Nafarroa) 43 urteko gizonezko bati, zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa delitua egiteagatik. Hain zuzen, 2020ko abenduan 88 urteko emakume bat harrapatu zuen autoarekin oinezko pasabide batean, Barañainen (Nafarroa), eta emakumea hil egin zen. Fiskalak eta defentsak akordio bat lortu dute, eta, Iruñeko Zigor Epaitegiak emandako epaiaren arabera, gidaria zirkulazioaren inguruabarrei «batere jaramonik egin gabe» zihoan, eta ez zituen zirkulazio-arreta arauak betetzen.

2020ko abenduaren 23an gertatu zen ezbeharra, 09:20 aldera, auzipetua furgoneta bat gidatzen ari zela Barañaingo Iruñea hiribidetik. Gizonezkoa ez zen ohartu emakumea oinezkoentzako pasabidea zeharkatzen ari zela, eta furgonetarekin jo zuen biktimaren aurrealdea. Andrea, lehenik, kapotaren gainera erori zen, eta, ondoren, lurrera, zazpi bat metrora. Horren ondorioz, hurrengo egunean hil zen.

Biktimak hiru seme-alaba zituen, 20 urtetik gorakoak; horietako bat berarekin bizi zen, eta auzipetuaren aseguru etxeak ia 112.000 euroko kalte ordaina eman die biktimaren senideei.

Horrez gain, epaian, epaileak hamabost hilabeteko espetxe zigorra etetea erabaki du, baldin eta auzipetuak ez badu deliturik egiten bi urtean. Are, gidabaimena ere kendu diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.