Hondakinak

Bergarako Udalak baliogabe utzi du Valogreene Paper BC SM enpresari emandako hirigintza bateragarritasunari buruzko txostena

Gorka Artola alkateak azaldu du hondakinen lantegia egiteko enpresak eskaeran adierazitako jarduera ez datorrela bat ez ingurumen baimen integratua lortzeko proiektuan jaso den jarduerarekin, ez eta irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean jarritako jarduerarekin ere.

Bergarako Udalean pasa den astean egin zuten agerraldia. IDOIA ZABALETA / FOKU
2021eko azaroaren 3a
09:58
Entzun

Kezka areagotuz joan da, eta oraingoz geratzea erabaki du. Gorka Artola Bergarako alkateak iragarri du Valogreene Paper BC SM enpresari uztailean behin-behinean eman zioten baimena erretiratzea ebatzi dutela. Euskadi Irratian eman du horren berri. Hori erabaki dute enpresak adierazten zituen jarduerak ez datozelako bat ingurumen baimen integratua lortzearekin, ez eta irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean jendaurrean jarritako jarduerekin ere. Beraz, enpresari eskatu diote berriz ere aurkezteko garatu nahi duen jardueraren gaineko txostena.

Valogreene Paper BC SM enpresaren izenean hirigintza kontsulta aurkeztu zuten uztailean, Bergarako Larramendi industrialdeko H partzelan industriarako karga mineralak modu ekologikoan ekoizteko planta bat ezartzeko. Eraiki nahi duten paper industriaren hondakinak pirolisiz eta errekuntzaz deuseztatzea proposatzen zuen paper enpresak. Horren bidez, Zaldibarrek hondakin horietarako utzitako hutsunea estali nahi zen.

Bergarako Udalak kanpo aholkularitza batekin aztertu du proiektua. Azkenean, Bergarako udal arkitekto zerbitzuburuak eskaerak aztertu ostean ondorioztatu du zehaztugabetasunak daudela, eta horregatik erabaki dute hirigintza bateragarritasunari buruzko txostena baliogabetzea, eta eskatzea argitu dezatela zein den garatuko den jarduera eta hirigintza bateragarritasunari buruzko beste eskaera bat egin dezatela. Txosten horri jarraituz erabaki da Udalak Alkatetza Dekretu bidez emandako baimena baliorik gabe uztea.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak atzo adierazi zuen ulertzen zuela herritarren kezka, eta behar diren azalpenak emateko prest agertu zen. Dena den, esan zuen Europaren Next Generationeko diru funtsak lortzeko aurkeztutako proiektuen artean zegoela, eta oniritziaren aldeko jarrera azaldu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.