Pentsio sistema

Hamar urtez kotizazioak igotzea proposatu du Espainiako Gobernuak, pentsioak bermatzeko

Baby boom deituriko belaunaldiak erretiroa hartzen duenerako pentsioen itsulapikoa betetzea litzateke helburua. Batez besteko soldata batekin, enpresaren eta langilearen artean 10 euro gehiago kotizatuko lirateke hilean.

Pentsiodunen mobilizazio bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA, FOKU
Irune Lasa.
2021eko azaroaren 3a
11:19
Entzun

Espainiako Gobernuak eta eragile sozialek azaroaren 15era arteko epea jarri zioten euren buruei, pentsioen jasangarritasun faktorearen ordezko tresna topatzeko. Eta horretan dabiltza. Atzoko bileran, Gizarte Segurantzako ministerioak kotizazioak igotzea proposatu zuen, etorkizuneko pentsioak bermatzeko. Horrekin batera, kontrol mekanismo batzuek ere ezarriko lirateke pentsioetan egindako gastuaren «desbideraketak» modu automatikoan mugatzeko.

PPren azken gobernuak onartutako jasangarritasun faktorearen bidez, pentsioen hasierako zenbatekoa egokitu egiten zen, beherantz, bizi itxaropenaren igoeraren arabera. Modu bat zen baby boom belaunaldiaren erretiroarekin nabarmen handituko den pentsio kopuruari aurre egiteko.

Espainiako Gizarte Segurantzaren kalkuluen arabera, baby boom delakoan, 1950eko hamarkadaren amaiera aldetik 1970ekoaren erdialdera arte 600.000 jaiotza izan ziren. Urte horietan jaiotako langileak 2023an hasiko dira erretiroa hartzen.

Jasangarritasun faktorea ez da inoiz indarrean jarri, batik bat pentsiodunen mobilizazioen, eta sindikatuen kontrakotasunaren ondorioz. Eta gobernua eta eragile sozialak ordezko tresna bat bilatzen ari dira, besteak beste, Europako Batzordeak ere exijitzen dielako horrelako doikuntza tresnaren bat.

Kotizazioak igotzea

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak belaunaldi arteko berdintasun mekanismoa deitu zion ordezko tresnari, eta atzoko bileran azaldu zizkien sindikatuei eta patronalei harentzat dituen asmoak. Adosten bada, bai eragile sozialekin, baita Kongresuko Toledoko Itunaren Mahaian ere, mekanismoa zuzenketa bidez onartuko litzateke Kongresuan bertan. Adostasunik ez badago, gobernuak aldebakartasunez arautuko du.

Escrivaren ideia nagusia pentsioen itsulapikoa betetzea da, pentsiodunen kopurua nabarmen handitzen denerako. Horretarako 2023. urtetik 2032ra bitartean, hamar urtez, langileen eta enpresen Gizarte Segurantzarako kotizazioak handitzea proposatzen du. Gaur egungo %28,30eko kotizazio tasa (enpresak %23,60, langileak %4,70) handitu egingo litzateke, %28,80ra.

Negoziazioko iturrien arabera, batez besteko soldata batean, hilean hamar bat euro gehiago kotizatuko lirateke enpresaren eta langilearen artean. Mila euroko soldata batean, bost euro gehiago kotizatuko lirateke. Kotizazioen igoera horrekin, urtero pentsioen itsulapikorako 1.000 milioi euro biltzea aurreikusten du Gizarte Segurantzak.

Gastuari muga

Diru gehiago biltzeaz gain, pentsioetako gastua mugatzeko kontrol neurriak ere nahi ditu Escrivak Belaunaldi Arteko Berdintasun Mekanismoan. Gastuaren desbideraketa ezin izango litzateke 2050. urteko BPGaren %0,8a baino handiagoa izan (10.000 milioi euro inguru). Hortik aurrera, kontuak orekatzeko, gobernuak Pentsioen Erreserba Funtsa erabili ahalko luke, baina horko gastuak urtean ezingo luke BPGaren %0,2aren muga gainditu.

Horiek ez balira nahikoa kontuen desoreka berdintzeko, gobernuak pentsioen gastuaren murrizketa adostu beharko luke eragile sozialekin, eta, gero, akordioa Toledoko Itunera eraman. Hor ere, muga legoke, urtean murrizketa ezingo litzateke BPGaren %0,4 baino handiago izan.

Eta neurri horiek guztiak nahikoa ez balira, gobernuak kotizazioen beste igoera bat ere adostu ahalko luke patronalarekin eta sindikatuekin; urtean, gehienera, BPGaren %0,4ren adinakoa.

2032. urtetik aurrera ere kontrolarekin jarraitzeko ildoa ere arautuko litzateke. Hiru urtean behin, sistemaren azterketa moduko bat egingo litzateke, pentsioetako gastuaren eta biztanleria okupatuaren eta pentsiodunaren arteko oreka begiratzeko. Horien arabera, behar izanez gero, berrikusi egingo lirateke «sistemaren parametroak», hots, erretiro adina, pentsioaren kalkulurako tartea, gehieneko eta gutxieneko oinarriak, eta halakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.