Etiopia

NBEk salatu du Etiopian alde guztiak egin dituztela gerra krimenak

Bihar beteko da urte bat Etiopiako Gobernuak Tigrayren aurkako erasoaldia abiatu zuela, aurrez TPLF miliziak Mekelleko base militar baten aurka egindako atentatuari erantzuteko aitzakiarekin. Geroztik, milizia gero eta eremu gehiago bereganatuz joan da.

Barne desplazatu talde bat, Amhara eskualdeko Dessie herrian. TPLFren esku geratu zen atzo inguru hori. EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 3a
11:58
Entzun

Iazko azaroaren 4an hasi zen gerra. Bakearen Nobel saridun Abiy Ahmed lehen ministroak eman zuen Tigrayren aurka jotzeko agindua, bezperan TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontea miliziak Mekelle hiriko base armatu baten aurka egindako erasoari erantzunez. Baina Tigray gobernatzen zuen TPLFren eta Addis Abebako gobernuaren arteko gatazka antzinatik zetorren. 1991tik, militarrak agintetik kenduz geroztik, agintean egon zen lau alderdiko koalizio gobernuko kideetako bat zen TPLF. Orduz geroztik, herrialdearen egoera ekonomikoa hobetuz joan zen, eta agintean ziren alderdien boterea handituz, harik eta ustelkeria salaketak agertzen hasi ziren arte. 2018an, testuingurua irauli egin zen. Abiyren Aberastasunaren Alderdiak irabazi zituen bozak, eta hark erreformak egin zituen gobernuan, baita TPLFko kideak agintetik baztertu ere, errepresioa bultzatzea egotzita.

Nazioartearen txaloak ere jaso zituen 2019an Abiyk urte luzez Eritrearekin izandako gatazka amaituz —hori izan zen Bakearen Nobel saria emateko arrazoia ere—, eta urte bat geroago hasiko zen gatazkarako aliatu bat irabaziz. Etxean, bitartean, krisiak okerrera egin zuen. Tigrayko buruzagiek leporatu zioten Abiyri 1994tik indarrean zen sistema federala bertan behera uztea, eta boterea zentralizatu nahi izatea. Iazko irailean urrats bat gehiago egin zuen TPLFk, eta, Addis Abebari entzungor eginez —hauteskundeak atzeratzea erabaki zuen hark, koronabirusak eragindako osasun krisia medio—, bozak egin zituen eskualdean. Etiopiako Gobernuak legez kanpokotzat jo zituen emaitzak, eta urrian blokeatu egin zituen Tigrayko Gobernuaren aurrekontuak, eta harremanak eten zituen. TPLF gerra deklaraziotzat jo zuen erabakia.

Hamabi hilabete joan dira geroztik, eta egoerak nabarmen egin du okerrera. NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak eta Etiopiako Giza Eskubideen Batzordeak elkarlanean egindako ikerketa baten arabera, tarte horretan epaiketarik gabeko exekuzioak, torturak, bortxaketak eta errefuxiatu nahiz desplazatuen aurkako erasoak salatu dituzte, baita gerra krimenak ere. Bi aldeetan salatu dituzte giza eskubideen urraketok. «Zantzuak daude pentsatzeko bi aldeek zuzenean eraso dietela zibilei edo haien jabetzei —erietxeak, eskolak, otoitzerako guneak eta abar—, eta bereizi gabeko erasoaldiak egin dituztela horien aurka, zibilak hilez eta eraikin publikoak suntsituz», ohartarazi du Michelle Bacheletek, NBEren Giza Eskubideetarako Batzordeko buruak.

Txostenak jasotzen duen kasuetako bat da iazko azaroan Mai Kadrako sarraskia. Dokumentuaren arabera, Tigrayko miliziano talde batek amhara etniako 200 lagun baino gehiago hil zituzten herri hartan duela urtebete. Baina Etiopiako eta Tigrayko indarren aurkako salaketei Eritreako armadak egindakoak gehitu behar zaizkie; izan ere, garai batean etsai izan zena aliatu du orain Addis Abebak. Eritreari leporatzen dizkioten krimenen arteko bat da iazko azaro amaieran Tigray erdigunean dagoen Axum barrutian ehun zibil baino gehiago hil izana.

Txostenak sexu indarkeria kasuak ere jasotzen ditu, besteak beste, talde bortxaketak, eta eskatzen dio Etiopiako Gobernuari egin dezala «ikerketa independente eta eraginkor bat» giza eskubideen urraketak aztertu eta erantzuleak auzipetzeko.

Hiriburutik gero eta gertuago

Gatazka bera ere aldatu egin da. Hasieran bazirudien Etiopiako eta Eritreako militarrek azkar garaituko zituztela miliziak, baina hilabeteek aurrera egin ahala balantza beste aldera okertu da, eta TPLFko milizianoak hiriburutik gero eta gertuago daude. Tigrayrekin mugakide den Amhara eskualdean aurrera egiten ari dira miliziak, eta atzo jakinarazi zuten Dessie eta Kombolcha herriak kontrolpean hartu zituztela. Addis Abeba hiriburutik 300 kilometro ingurura daude bi herriak.

Ia ezinezkoa da bi aldeen garaipen edo porrotak egiaztatzea, komunikazioak ia erabat etenda daudelako. Baina Abiy lehen ministroak herritarrei armak hartzeko eskatu izanak eta herrialde osoan larrialdi egoera ezartzeak zer pentsatua eragiten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.