Koronabirusa

COVID-19aren aurkako txertoa hartu nahi ez zuen langile baten kaleratzea baliogabetu dute

Mendekotasuna dutenentzako Bizkaiko zentro batean egiten zuen lan, eta enpresak 600 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio.

Pertsona bat txertoa jartzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 3a
12:47
Entzun

Mendekotasuna duten pertsonak artatzeko zentro batek langile bat kaleratu zuen Bizkaian, COVID-19aren aurkako txertoa hartzeari uko egiteagatik; Bilboko lan arloko epaitegi batek, ordea, baliogabetu egin du kaleratze hori.

Zentro horretako hiru langilek egin zioten uko txertatzeari: batek aldi baterako kontratua zuen, lau aldiz berritu ziotena, baina, txertoa hartzeari uko egitean, gehiago ez berritzea erabaki zuten; bigarrena txertatu zen; eta hirugarrena «diziplina arrazoiengatik» kaleratu zuten.

Enpresaren arabera, mendekotasun egoeran dagoen egoiliar batekin «istilu» bat izan zuelako kaleratu zuten langilea. Epaiak, ordea, gertakari hori «garrantzi txikikotzat» jo du, eta adierazi du horrek ezin duela «inola ere» justifikatu langilea «diziplina arrazoiengatik» kaleratzea. Epaitegiak ondorioztatu duenez, enpresak langilea kaleratu zuen COVID-19aren aurkako txertoa ez zuelako jarri.

Epaiak adierazten duenez, langileak kaleratzea saihesteko asmoz bere borondatearen aurka txertoa hartu izan balu, «osotasun fisikorako eskubidea» urratuko litzaioke. Horregatik, baliogabetzat jo dute kaleratzea, eta enpresak 600 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio langileari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.