AEB-ak

Bidenek zartakoa hartu du Virginiako eta New Jerseyko bozetan

Emaitzak ez dira behin betikoak, baina Virginian aurretik dira errepublikanoak, eta New Jerseyn ez daude mila boto baino gehiago bi alderdietako hautagaien artean. Eric Adams izango da New Yorkeko alkatea, eta hiri horretako bigarren alkate afro-amerikarra izango da.

Glenn Youngkin, Virginiako gobernadore izateko hautagai errepublikanoa, hauteskunde gaueko ekitaldian. KEN CEDENO, EF
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 3a
13:10
Entzun

Joe Biden AEBetako presidentetzara iritsi osteko lehen hauteskundeak galdu ditu bart gauean Alderdi Demokratak. Behin betiko emaitzen zain, errepublikanoak aurretik dira Virginiako eta New Jerseyko gobernadoreak aukeratzeko bozetan, eta, emaitza edozein delarik ere, hauteskunde horiek zangotrabatu egin dute Bidenen agintaldia. Izan ere, kargua hartu zuenetik egindako lanaren erreferendum gisara jotzen zituzten hauteskunde horiek AEBetan, eta bietan errepublikanoen atzetik egotea kolpe handia da demokratentzat. Gainera, datorren urtean Kongresurako hauteskundeak egingo dituzte, eta demokratak beldur dira hor dituzten gehiengoak galtzeko. Adierazgarria da bi estatu horietan irabazi zuela Bidenek duela urtebete, Virginian hamar punturen aldearekin, eta New Jerseyn, hamaseirenarekin.

Hamabi urte dira errepublikanoek ez zutela Virginiako bozetan irabazten, 2009tik. Joe Bidenek, duela urtebeteko presidentetzarako bozetan, botoen %54,5 eskuratu zituen estatu horretan (Trumpek, %44,2). Orain, baina, Glenn Youngkinek irabazi ditu gobernadorea aukeratzeko hauteskundeak, emaitza azkenean iraultzen ez bada. Politikan esperientziarik ez duen 54 urteko enpresari bat da hautagai errepublikanoa, eta Terry Mcauliffe gobernadore ohiari (2014-2018) gailendu zaio. Dantzan eta txalo artean ospatu zuen garaipena gobernadore berriak. «Hau ez da kanpaina bat. Hau mugimendu bat da», esan du hauteskunde gaueko ekitaldian.

Alderdi Errepublikanoak berehala bilakatu nahi izan du garaipen hori ikur, eta iragarri du «olatu gorriaren seinale bat» dela, 2022ko Kongresurako hauteskundeetan eta 2024ko presidentetzarako hauteskundeetan pentsatuz. Donald Trump presidente ohia harago joan da, eta honela esan du ohar batean: «Nire mugimendua inoiz baino handiagoa eta indartsuagoa da».

Youngkinek, hala ere, distantzia jarri nahi izan du bere eta presidente ohi errepublikanoaren artean; kanpainan ez dira elkarrekin egon. Trumpen jarraitzaileak mobilizatzea lortu du, baina hiri handien kanpoaldean biltzen diren zona aberatsetako boto emaile tradizionalak beldurtu gabe. Bere kanpainaren oinarrian hezkuntza egon da, eta seme-alabak eskolatuak dituzten gurasoei mintzatu zaie behin eta berriz. Hezkuntzarekin kezkatuta dagoen aita baten gisara aurkeztu du bere burua, pandemia garaian ikastetxeak itxi izana kritikatu du, eta agindu du curriculumetik aterako duela Arrazaren Teoria Kritikoa (teoria horren arabera, AEBek oinarri duten ardatzetako bat da arrazakeria).

Boto guztien %95 zenbatuta zeudenean, Youngkinek botoen %50,7 zituen bere alde. McAuliffek, berriz, %48,6. Bien artean, 67.000 boto. Hautagai demokratak ez du porrota aitortu nahi izan oraindik, eta adierazi du boto guztiak zenbatu arte itxaron behar dela. Youngkinen garaipena erabatekoa izan da nekazari inguruetan, eta horiei Virginia iparraldean demokraten alde bozkatu ohi duten konderrietan gehitutako boto saldoa batu zaizkie.

New Jerseyn ere ez dago garaile argirik. Botoen %88 zenbatuta, parez pare dira Jack Ciattarelli errepublikanoa eta Phil Murphy demokrata, botoen %49,6rekin biak. Aipagarria da, hala ere, Murphyk hamalau punturen aldearekin irabazi zituela 2017an gobernadorea aukeratzeko hauteskundeak, eta duela urtebete hamasei punturen aldearekin irabazi zuela estatu horretan Joe Bidenek. Orain ere, inkestek garaipen argia iragartzen zioten Murphyri, baina boto zenbaketan Ciattarelliren atzetik zihoan goizean, eta arratsaldean aurreratu egin du; bien artean ez daude mila boto baino gehiago.

Edonola ere, bi estatuetan gertatzen dena gertatzen dela ere, hauteskunde hauek argi utzi dute Bidenek orain arte egindakoak mugiarazi egin dituela boto emaile errepublikanoak, eta demokratak etsita daudela. Presidentearentzat astunegia suertatu da Afganistango irteera eta pandemiaren kudeaketa, eta haren balorazioa beherantz ari da nabarmen. Atzo, Glasgowko goi bileratik bueltan, ez zuen adierazpenik egin nahi izan, baina, ordu batzuk lehenago, iragarri zuen demokratek irabaziko zutela Virginian eta New Jerseyn.

«Ni naiz alkatea»

New Yorkeko alkatetzarako bozetan, berriz, ez dute huts egin demokratek, eta garaipen argia eskuratu du Eric Adams polizia ohi afro-amerikarrak: «Ni naiz alkatea», esan du garaipena ospatzeko ekitaldian. Botoen %78 zenbatuta, hautagai demokratak %66,5 lortu ditu, eta Curtis Sliwa errepublikanoak, %28,8. Azken horrek aitortu egin du jada Adamsen garaipena.


Eric Adams New Yorkeko alkate izateko hautagai demokrata, hauteskunde gaueko ekitaldian. / JUSTIN LANE, EFE

Adamsek urtarrilean hartuko du kargua, eta New Yorkeko bigarren alkate afro-amerikarra izango da; lehenengoa David Dinkins izan zen, 1990etik 1993ra alkate izan zena. Orain arte, Brooklyn distrituko presidentea izan da, eta, distritu horretan, Bronxen eta Manhattanen %70etik gorako babesa jaso du. Queensen %58koa izan da, eta Staten Islanden Sliwak irabazi du.

Dorothy amaren argazkiarekin joan da botoa ematera Adams. Kanpainan ere behin baino gehiagotan aipatu du ama, jatorri txiroa duela aldarrikatzeko eta New Yorken komunitate pobreenek jasaten dituzten bidegabekeriak salatzeko. «Hau guztia zuengatik da. Hitz horiek ditut soilik. Zuek bezalakoa naiz», esan du Adamsek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.