Koronabirusa

Birusaren transmisioaren goranzko joeraz ohartarazi du Sagarduik

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azken hamalau eguneko intzidentzia metatua 90 da. Sagarduik jakinarazi duenez, 5 eta 9 urte bitarteko ume bat ZIUn egon da.

Donostiako osasun zentro bat. MAIALEN ANDRES/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 4a
15:58
Entzun

Pandemiaren bilakaerak goranzko bidean jarraitzen duela ohartarazi du gaur Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Positiboen intzidentzia tasa metatuan, adibidez, gorako joera bat dago Osakidetzak emandako datuetan, beste igoera txiki bat: aste hasieran 86 zen, eta, orain 90 da. Eusko Legebiltzarrean izan da gaur Sagardui bere departamenduaren aurrekontuaren berri emateko, eta bertan jakinarazi du izurriaren bilakaerari buruzko informazioa ere. Azpimarratu duenez, COVID-19ak pertsona «ahulenak eta gazteenak» kutsatzen ditu orain, eta horren adierazle da eman duen datua: 5 eta 9 urte bitarteko ume bat ZIU zainketa intentsiboetako unitatean egon da gaitzak jota.

Birusaren transmisioa handituz doan arren, osasun sistema ez dago tenkatuta. Hain zuzen ere, Sagarduik emandako datuen arabera, 80 pertsona daude erietxeetako gela arruntetan gaitzarekin, eta beste 25 ZIUetan, larri. Osakidetzak astelehenean eman zituen azkenekoz ospitaleei buruzko datuak, eta orduan 86 pertsona zeuden erietxeratuta gela arruntetan, eta beste 26 ZIUetan. Hala eta guztiz ere, arretarako deia egin du Osasun sailburuak: «Nahiz era osasun sistemaren gaineko presioa ez den handia, birus honek jendea erietxeetara eramaten jarraitzen du, baita ZIUetara ere». Gainera, gogorarazi du astero egoten direla birusarekin lotutako heriotzak.

Txertoa giltzarri izan da eta izaten ari da pandemiaren bilakaeran, eta, hori dela eta, txertoa jartzeko deia berretsi du Sagarduik.

Nafarroan, igoera motela
Nafarroan ere igo egin dira kutsatzeak azken egunetan, baina osasun agintariek azpimarratu dute igoera «motela» dela eta «intentsitate apaleko» testuinguru batean gertatzen ari dela. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko osasun kontseilariak argi utzi nahi izan du Osasunbideak lanean jarraitzen duela kutsatzeak detektatzeko, horiek bakartzeko eta agerraldiak identifikatzeko, eta, gainera, gobernuak adi jarraitzen diola ospitaleen gaineko presioari. Horri dagokionez, zehaztu du gaitzak erietxeetan hartuak dituen ohe kopurua «ohikoaren» barruan dagoela, eta ZIUetako okupazioa «apala» dela, %5ekoa. Jakinarazi duenez, azken bi asteotan hiru pertsona zuzenean joan dira larrialdietatik ZIUra, eta hirurek COVID-19aren aurkako txertoa hartu gabe zuten.

Azken datuen arabera, 60 positibo detektatu dituzte Nafarroan, eta positibo tasa %3 da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.