Ikerketa

Gasteizen gertatutako ustezko erasoa salaketa faltsua izan ote zen ikertuko du epaitegi batek

Andreak «delituaren simulazioa» egin ote zuen aztertuko du.

Ertzaintzak ez zuen erasoa baieztatzeko aztarnarik aurkitu. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
unai etxenausia
2021eko azaroaren 4a
16:43
Entzun

Gasteizko 3. Instrukzio Auzitegiak izapideak egitea onartu du emakume batek urriaren 24an Gasteizen jarri zuen salaketa faltsua ote den ikertzeko. Salatzaileak baieztatu zuen «magrebtar gisa» identifikatu zituen lau gaztek eraso egin ziotela. Halere, iturri juridikoek Efe agentziari baieztatu diotenez, auzitegiak ikertuko du emakumeak «delituaren simulazioa» egin ote duen. Izan ere, Ertzaintzan aurkeztutako salaketan faltsutasun zantzuak ikusi zituzten, eta datuak aztertu ondoren erabakiko dute beharrezko eginbideekin jarraituko duten edo kasua artxibatuko duten.

Ikerketak egun batzuk iraun zituen, baina Ertzaintzak ez zuen erasoa baieztatzeko aztarnarik aurkitu: ez zuten emakumearen adierazpenak berresten zituen irudirik aurkitu kameretan. Hori dela eta, Ertzaintzak epaitegira bidali zituen bere ikerketak, delituaren itxurak egin ote zituen ikertzeko.

Salatzaileak berak hainbat hedabidetan eskatu zuen «delituak egiten dituzten atzerritarrak botatzeko». Andrea Voxeko hautagaia izan zen 2015eko foru bozetan, eta Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak egin zituen familiaren bozeramaile lanak iragan astean. Salaketa faltsua izan dela egiaztatzen bada, sei eta hamabi hilabete arteko zigorra jaso dezake emakumeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.