Martin Ugalderen mendeurrena

Iztueta: «Alderdiak baino gehiago, Martinek pertsonak hartzen zituen aintzat»

Bukatzear da Martin Ugalde idazle eta kazetariari buruzko hitzaldi sorta; 19:00etatik, Anjeles Iztuetak Martin Ugalde eta politika hitzaldia ari da ematen.BERRIAren webgunean ikus daiteke, zuzenean.

2021eko azaroaren 4a
17:33
Entzun

Astebete baizik ez da falta Martin Ugalde jaio zela 100 urte betetzeko. 1921eko azaroaren 11n jaio zen kazetari eta idazlea, Andoainen (Gipuzkoa). Jaiotzaren mendeurrena izaki, eta, hura oroitzeko, urte osorako programa dago martxan udaberriaren hondarretik, kazetariaren familiarekin eta hainbat erakunde eta eragilerekin elkarlanean: tartean dira Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Andoaingo Udala, Hondarribiko Udala, Jakin, Euskal Idazleen Elkartea, Elkar, BERRIA eta Martin Ugalde kultur parkea.

Ugalde omentzea da helburua. Hala, hitzaldi ziklo batek bidea hasi zuen orain hiru aste, urriaren 14an. Nerea Azurmendik Martin Ugalde, historia egin zuen kazetaria hitzaldia eman zuen. Hitzaldi sortak duela bi aste izan zuen segida: Iñaki Uriak lekukoa hartu zion Azurmendiri, eta Martin Ugalde eta Egunkaria hitzaldia eman zuen. Urriaren 28an Laura Mintegik eman zuen hitzaldia: Martin Ugalderen garaia PENen begiradatik.

Azkenik, gaur izan dute azkena: Anjeles Iztuetak ekarri du gogora andoaindarra, Martin Ugalde eta politika hitzaldian. BERRIAren webgunean ikusgai izan da, zuzenean, streaming bidez. Hain zuzen, hitzaldiaren izenburuari fidel, Ugaldek politika munduan egindako urratsei segika ondu du kontakizuna Iztuetak, ordena kronologikoari men eginda. Edonola ere, aipatutako gertakari gehien-gehienetan, idazle eta kazetariaren ezaugarri berbera azpimarratu du Iztuetak: «Euskara zen haren politikaren ardatza». Horregatik oroitarazi du Ugaldek berak erabilitako deskribapena: «Abertzaletasun euskaltzalea zen berea».

Ezin uka, Martin Ugaldek ezezko ugari jaso zituen bidean. «Etxekoenak ziren asko, gainera» azaldu du Iztuetak. Oztopoek kikildu ez zutela nabarmendu du, ordea; izan ere, Iztuetaren hitzetan, «printzipio gizona» zen, beste deus baino gehiago. Horregatik, alderdietan murgildurik izanagatik ere, azaldu dute Ugaldek pertsonei egiten ziela so indar gehienarekin, atzean zernahi sigla izanda ere. «Harreman ona zuen denekin; hau da, ez zegoen gorrotorik. Hori bai: tematia zen, oso, helburu batzuk lortzeko». Euskara zuen lehentasun, eta gogor egin zuen borrokan haren alde, oroitu dutenez.

Erakusketa, Andoainen

Hitzaldi sortak gaur izan du, beraz, azkena. Hala eta guztiz ere, mendeurrenaren harira martxan jarritako beste zenbait egitasmo martxan dira oraindik ere. Esaterako, erakusketa ikusgai da oraindik ere. Udaberritik kazetariaren inguruko atzera begirakoa egon da ikusgai Hondarribian (Gipuzkoa) eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Andoainen da gaur egun, Bastero kulturgunean, eta abenduaren 4ra arte bisitatzen ahalko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.