Energia

LPEEk eta aliatuek euren erritmoan segituko dute, Joe Bideni muzin eginez

Eguneko 400.000 upeleko igoera egingo dute abenduan ekoizpenean, aurreikusi bezala, nahiz eta AEBk gehiago eskatu dioten. Saudi Arabiaren arabera, energia krisi honetan «arazoa ez da petrolioa»

Abdulaziz bin Salman, Saudi Arabiako Energia ministroa, artxiboko irudian. CHRISTIAN BRUNA / EFE
Irune Lasa.
2021eko azaroaren 4a
18:28
Entzun

Bereari eutsiko diote Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek (Errusia tartean), eta abenduan eguneko 400.000 upeletan handituko dute petrolio produkzioa. Beraz, alde horretatik behintzat ezin daiteke jaitsiera handirik espero upelaren prezioan.

Maiatzaz geroztik, hilero bere produkzio helburuari eguneko 400.000 upeleko koska gehitzen ari da ekoizleen kartela. Pandemiak eskaria eta upelaren prezioa amildu zituela, suspertze globalean upelarentzat neurrizko prezioa nahi dute ekoizleek, eta gehiegi ekoizteak prezioa beherantz bultzatuko luke. Horrekin batera, ekoizleek diote zuhurtasunez jokatu nahi dutela, suspertzea eta petrolio eskaria oraindik ere COVID-19aren bilakaeraren mende daudelako.

Gaurko erabakia Joe Bideni zuzendutako ezezko de facto biribil bat da. Upela 85 dolarren inguruan egonda, inflazioarekin oso kezkatuta, Bidenek dei garbia egin dio azken egunetan LPEEri, gehiago handitzeko produkzioa. Abenduan LPEEk eta aliatuek eguneko 600.000-800.000 upeleko ekoizpen igoera erabakitzea nahi zuen AEBetako presidenteak.

Guztia esanda, ez dira soilik AEBak aritu presio egiten. Japonia eta Indiaren moduko herrialde kontsumitzaileak kezkatuta daude upelaren prezioaren gorakadarekin, eta publikoki egin diote eskaera ekoizle kartelari, produkzioa gehiago handi dezan. Petrolio gehien kontsumitzen duten herrialdeen zerrendan laugarrena da Japonia, eta India, berriz, hirugarrena. Beste kontsumitzaile handiak ere, Txinak, presio egin dutela diote sektoreko analistek, baina bide diplomatikoetara mugatu dela.

Erruduna, gasa

Oraingoz, ordea, nahi besteko produkzio igoera bat ikusteko itxaron egin beharko dute. Saudi Arabia boteretsuak, esaterako, ulermen txikia erakutsi du herrialde kontsumitzaileen kezkekiko, eta esan du petrolioak ez duela errurik egoeran: «Petrolioa ez da arazoa. Kaosa eta infernua igarotzen ari den energia konplexua da arazoa», esan du Abdulaziz bin Salman Energia ministro arabiarrak. «Norbaitek energia krisiaren egiazko arrazoiari arreta jarri nahi badio, begira dezala Europarako eta Asiarako gas naturalaren horniduran eta azpiegituretan».

Erreserba estrategikoak

Energia ministroen bilera bukatu bezain laster iritsi da AEBen erantzuna, LPEEri eta aliatuei suspertze globala arriskuan jartzea leporatuz; Segurtasun Nazionaleko eledunak esan du «energiaren inguruko tresneria guztia» erabiltzeko prest dagoela, ikusita LPEEk ez duela «bere ahalmena erabili nahi momentu giltzarrian».

Baina argitzeko dago AEBek hartuko duten neurririk LPEEri eta Errusiari erantzuteko. Neurri bat herrialdearen petrolio edo gasolina esportazioak etetea litzateke; AEBak dira munduko lehen petrolio ekoizleak, baina ia ezinezko ikusten da. Posibleago da AEBek, Indiak eta Txinak elkar hartzea euren petrolio erreserba estrategikoak merkaturatzeko, horrekin upelaren prezioa jaitsarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.