Athletic 0-1 Cadiz

Eten zaio bolada ona

Athleticek 0-1 galdu du Cadizen aurka San Mamesen. Lehen zatiko hastapenean jaso dute gola zuri-gorriek, eta hortik aurrera etxekoek aukerak izan badituzte ere, kamuts ibili dira atearen aurrean. 

jarraia205519.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko azaroaren 5a
23:34
Entzun

Bolada onean zen Athletic; bost partida zeramatzan porrotik jaso gabe, eta horien artean, bi neurketa etxean irabazita. Eten zaio bolada ona; jokalariek eta zaleek zartako galanta hartu dute Cadizen aurka 0-1 galduta, San Mamesen, estadio berrian jokatu duten berrehungarren partidan. Zuri-gorriek Europako postuetan lo egitea zuten xede. Bada, Andaluziako taldeak goitik behera zapuztu die euren nahia.

Marcelino Garcia Toral Athleticeko entrenatzaileak aurreko jardunaldian Realaren aurka jokatutako derbian zelairatu zuen hamaikakotik lau aldaketa egin ditu: atzeko lerroan, Nuñezek Iñigo Martinezen ordez jokatu du, ondarroarrak txartel gorria ikusi baitzuen Anoetan; Balenziagak ordezkatu du De Marcosen lekua; euskarri lanean, berriz, Vesga Vencedorren ordez aritu da; eta azkenik, erdi-puntan Oihan Sancetek Raul Garciaren lekua bete du.

Cadiz erasorako gogoz hasi da, eta gola sartzeko aukerak ere hark izan ditu. Talde espainiarrak 4. minutuan eman du lehen abisua; area kanpotik Pereak egindako jaurtiketa indartsu baten ostean, Unai Simonek bi kolpetan geratu du. Bigarren iritsieran, ordea, bisitariek ez dute barkatu; Salvi Sanchez eskuin hegaletik area txikira bizi sartu da, eta baloiari lehor lehor emanda Simonen hanka artetik baloia sareetara bidali du. Athleticeko atezainak gehiago egin zezakeen. Mutu geratu da San Mames.

Handik aurrera, Athleticek baloi jabetza handiagoa izan du, alde batetik bestera mugituz. Edonola ere, zuri-gorriek jokaldiak ezin zituzten behar bezala sortzen; Cadizkoak sendo baitzeuden atzean. Bi taldeek aparteko aukera argirik izan gabe, bisitariak abantaila zutela heldu da atsedenaldia.

Bigarren zatiaren hastapenean, Marcelinok hamaikakoan aldaketen beharra sumatu du, eta Nico Williams zelairatu du Berenguerren ordez, jokoari abiadura handiagoa emateko xedez. Hain zuzen, Williams gazteenak izan du lehen aukera, baina Cadizko jokalariek ongi urrundu dute baloia. Joko geldoari gatza eta piperra jarri dio Athleticeko jokalariak. Azeleragailua gehiago zapaldu du, taldekideak kutsatzeraino.

Zuri-gorriek pauso bat eman dute aurrera, eta sarriago heldu dira Cadizen areara; esaterako, Muniainek ezker hegaletik egindako erdiraketa gaizto baten ostean, Sancetek buruz ongi errematatu du, baina Ledesma atezainak erantzun bikaina eman dio.

Athleticeko jokalarien nagusitasuna erabatekoa izan da, eta aukerak bata bestearen atzetik sortu dituzte; hala nola, Sancetek izandakoa; area kanpotik baloia pozoitsu jaurti duen arren, gora joan zaio. Handik minutu gutxira, Muniainek kornerra aterata, Unai Nuñez indartsu sartu da area txikira, baina atzelariaren burukada hutsala izan da.

Etxeko taldeak bere horretan jarraitu du. Lekue eroso zebilen baloiarekin, eta erraz heltzen zen eskuin hegaletik. Bilbotarrak egindako erdiraketa batean, Iñaki Williamsek baloia orraztu eta Nico Serrano harrobiko jokalariak ausardiaz errematatu du; ezin, ordea, atea zulatu. Jokalariek etenik gabe egin dute erasora, berdinketaren bila. Raul Garcia zakur zaharra berdegunean zen ordurako, eta nafarra gola egiteko zorian izan da, baina berriz ere Ledesmak atea giltzarrapoz ongi lotua zuen.

Presaren presaz, Athleticeko entrenatzaileak erasorako beste jokalari bat berdeguneratu du: Morcillo. Cadizek, ordea, ondo eutsi dio etxekoen erauntsiari. Zuri-gorriek ez diete aukerei zukurik atera, eta markagailua bere horretan geratu da: 0-1. Etsipena jokalarien eta zaleen artean.

Athletic: Unai Simon; Lekue, Nuñez, Yeray, Balenziaga; Berenguer (Nico Williams, 46'), Vesga (Raul Garcia, 57'), Dani Garcia, Muniain (Serrano, 76'); Sancet (Morcillo, 89') eta Iñaki Williams.

Cadiz: Ledesma; Iza Carcelen (Akapo, 70'), Haroyan, Juan Cala, Espino; Salvi Sanchez (Chapela, 46'), Jonsson (Negredo, 84'), Alex Fernandez, Perea (Arzamendia, 63'); Sobrino eta Lozano (Fali, 70').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.