Alaves 2-1 Levante

Piztiak piztu du argia

Alavesek luzapenean irabazi dio Levanteri, galtzen hasi eta gero. Joseluk egin ditu arabarren bi golak. Callejaren taldea guztiz suspertuta iritsiko da etenaldira

Joselu Alaveseko jokalaria Levanteri sartutako gola osapatzen. DAVID AGUILAR / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko azaroaren 6a
21:43
Entzun

Piztu da piztia. Areako harrapakaria da Joselu, eta sasoi hasieran lozorroan egon ondoren, golak ehizatzeari ekin dio, asegaitz. Hark atera du ilunpetik Alaves, azken ordu laurdenean bi gol sartuta. Levantek aurrea hartu du lehen zatian, eta errentari erosotasunez eutsi dio, harik eta Joseluk hortzak erakutsi zituen arte. Aurrelariaren golek neurketa irauli eta urrezko hiru puntu balio izan diote Javi Callejaren taldeari. Aparraldi betean da, jokoan izandako azken 12 puntuetatik 10 zakuratu baititu. Azken-aurren iritsi zen aurreko geldialdira; oraingo etenak, ordea, jaitsieratik kanpo eta goranzko joera garbian harrapatuko du.

Navarro gabe, baina Pachecorekin atera da zelaira Alaves. Atezainak min hartu zuen Elxen kontra, eta garaiz iritsi da gaurko partidara. Hala, aulkian gelditu behar izan du Siverak, Camp Noun maila nabarmena emanagatik. Ximok, berriz, lesio larria izan zuen Bartzelonaren zelaian, eta gaur, Martin aritu da atzeko eskuin hegalean. Pellistri izan da Callejaren hamaikakoko beste berritasuna; Edgarri kendu dio titular postua.

Ez du itzulera samurra izan Pachecok, kale egin baitu Levanteren lehen golean. 13. minutua zen, eta Malsak pase zorrotza bidali du atzelarien bizkarrera, De Frutosen bila. Pacheco itsu-itsuan irten da atetik, eta baloia haren gainetik loratu du Levanteko jokalariak, buruz. Atezainaren hutsaz harago, errematea kalitate handikoa izan da.

Ia ezerezetik iritsi da kanpokoen gola, lehen minutuak elkarri neurria hartzekoak izan baitira. Defentsako sendotasunetik abiatuta, beste urrats bat egin nahi zuen gaurkoan Alavesek, eta baloiarekin ausartagoa izan. Bada, atzean berehala ireki zaio arrakala, eta gero, jabetza bere egin arren, lanak izan ditu jokaldi arriskutsuak sortzeko. Gainera, etenaldi ugari izan da, arabarren kalterako. Oso argitasun gutxi izan dute lehen zatian, eta atera behin ere jaurti gabe hartu zuten aldageletarako bidea.

Gero, lerroak aurreratu dituzte, eta sakonak izan dira ezker hegalean, Duarte eta Riojaren agerraldiak tarteko. Ordea, ez zuten modurik aurkitzen abagune garbiak sortzeko. Levante eroso zegoen bere arean gotortuta. Defentsan zenbakirik txarrenak dituen taldea izanagatik, tinko ari zitzaien ihardesten etxekoen ahaleginei.

Egoera horretan, sistema aldatu du Callejak, eta bi aurrelarirekin jokatzen hasi da Alaves. Hala, abantaila handiagoa izan zezakeen erdiraketak errematatzerakoan. Baloi ugari bidali ditu arearen bihotzera, baina Levanteko atezainak ikusle hutsa izaten jarraitzen zuen. Edonola ere, gasteiztarren setakeria ez da alferrikakoa izan, Martinen erdiraketa bat defendatzerakoan penaltia egin baitio De Frutosek Duarteri. Baldar aritu da Levanteko jokalaria. Joseluk indarrez jaurti du penalti puntutik, eta baloiak sareetan bukatu du, aurrez zutoinean jo ostean.

Hamar minutu pasatxo gelditzen ziren lehia bukatzeko, eta bi taldeek jo dute garaipenaren bila. Apurtu egin da partida, eta Levantek gertu izan du 1-2koa, Dani Gomezen erremate batean. Orduan bai, goi mailako atezaina dela erakutsi du Pachecok, eta geldiketa erabakigarria egin. 91. minutuan iritsi da Alavesen momentua, Levanteren areara egindako hamaikagarren erdiraketan. Martinen erdiraketa gozoa maisutasunez baliatu du Joseluk, burukada ikusgarri batekin. Estasia Mendizorrotzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.