Mustafa al-Kadhimi Irakeko lehen ministroaren etxeari eraso egin diote drone bidez

Kadhimik lasaitasuna eskatu die herritarrei. Nazioarteak gaitzetsi egin du erasoa.

Droneak lehen ministroaren etxean eragin dituen kalteak. IRAKEK LEHEN MINISTROAREN BULEGOA
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 7a
17:32
Entzun

Lehergaiak zeramatzan drone batekin, Mustafa al-Kadhimi Irakeko lehen ministroa hiltzen saiatu dira goizaldean. Erasoa Bagdaden izan da, Kazemiren etxean. Lehergaiak zeramatzaten hiru drone zuzendu dituzten lehen ministroaren bizilekurantz, eta horietatik bi segurtasun zerbitzuek atzeman dituzte. Hirugarrenak, baina, etxea jo du. Erasoaren ostean, Kazemik berak onik dagoela jakinarazi du, eta lasaitasuna eskatu die herritarrei.

Inork ez du erasoa bere gain hartu. Asa'ib Ahl al Haqq Iranen aldeko milizia xiitako bozeramaile Mahmud al-Rubaeayk iradoki du Irakeko agintariek eurek asmatutako eraso bat izan litekeela, azken egunetan herrialde horretan gobernuaren kontra piztu diren protestak indargabetzeko. Urriko hauteskundeez geroztik areagotu egin dira protesta horiek. Atzo, hain zuzen ere, manifestazioak izan ziren erasoa gertatu den ingurunetik gertu.

Gune Berdea esaten diote inguru horri, eta segurtasun neurri bereziak dituen leku bat da, hor baitaude Irakeko Gobernuaren egoitza nagusiak eta enbaxadak.

Barham Saleh Irakeko presidenteak esan du "eraso terrorista bat" izan dela, eta Iraken kontrako "krimen izugarri bat" izan dela. Batasuna eskatu die herritarrei: "Ezin dugu utzi Iraken sistema konstituzionalaren kontrako estatu kolpe baten eraginez Irak kaosera eramatea", adierazi du. Moktada al-Sadr urriko bozetako garailea ere antzera mintzatu da, esanez ezin dutela onartu Irakekoak ez diren indarrek herrialdea kontrolatzea.

Nazioartean orokorra izan da erasoaren kontrako gaitzespena. AEBetako Estatu Departemantuko bozeramaile Ned Pricek esan du "eraso terrorista bat" izan dela, eta laguntza eskaini dio Iraki gertatutakoa ikertzeko. Europako Batasunak erasotzaileak zigortzeko eskatu du, eta adierazi du hauteskundeen osteko aroan ezinbestekoak direla"lasaitasuna eta moderazioa".

Saudi Arabiak ere gaitzetsi egin du, eta babesa eskaini dio Iraki. Antzera erantzun dute Nazio Batuen Erakundeak, Erresuma Batuak, Qatarrek, Kuwaitek, Palestinako Aginte Nazionalak, Australiak, Libanok, Liga Arabiarrak, Baharainek, Jordaniak, Turkiak eta Egiptok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.