Pilota

Bakaikoak irabazi du Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa

Nagusitasun handiz irabazi dio Zubizarretari, 22-10, Altsasuko pilotalekuan.

Bakaikoa pilota jotzen, atzean Zubizarreta duela. ANDONI CANELLADA, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 7a
19:39
Entzun

Joanes Bakaikoak datorren urtean Lehen Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa jokatuko du. Iraitz Zubizarretari 22-10 gailendu zaio gaur Altsasuko Burunda pilotalekuan (Nafarroa). Hiru ordu laurdeneko partida jokatu dute bi pilotariek, baina bi zati oso ezberdin izan ditu: lehenengoan eutsi egin dio Zubizarretak Bakaikoari, baina zazpina egin ondoren, joko oso sendoa eginez eta pilota ederki mugituz, nabarmen hobea izan da etxarriarra. Partida gogorra izan da, eta Zubizarretak berak aitortu du partidaren ostean Bakaikoa hobeto prestatuta zegoela finalerako.

Partidaren lehen zatian, Bakaikoa aurretik izan bada ere, 4-4 eta 7-7 berdindu du Zubizarretak, eta lehia estua espero zitekeen. Lehen tantoetan ikusi da jada oso erasokor jokatzeko asmoa zuela ataundarrak, ohi duen bezala, baina Bakaikoak ondo eutsi dio gipuzkoarraren erasoari. Pilota indar handiz joz eta tanto batzuk erreskadan eginez lortu du Zubizarretak zazpinako berdinketa. Lehen etenaldia eskatu du orduan nafarrak, eta hortik aurrera, beste gauza bat izan da.

Partidaren bigarren zatia hasi da orduan. Tantoz tanto, Bakaikoa partidan sartu da erabat, eta pilotaren jabe bilakatu da. Aldi berean, Zubizarreta pixkanaka jokoz kanpo geratzen hasi da. Partidaren amaieran azaldu du pilotaren atzetik ibili dela, eta hori hein handi batean Bakaikoagatik izan da; ia ez du akatsik egin, eta txokoan irabazi du partida.

Zazpinako berdinketaren ostean, etxarriarra berriro jarri da aurretik. Bederatzigarren tantoak bi pareta polita izan du, Zubizarreta mugitzera behartuz. Ataundarrak ez du partida galdutzat eman, eta arriskatu egin du. Bitartean Mariezkurrenak ez arriskatzeko esaten zion etxarriarrari, botilero lanetan. Pilota zabalera botaz eta txokoan sartuz, horrela egin ditu 11 tanto segidan Bakaikoak, eta hor irabazi du partida, 18-7 jarrita.

Ezinean aritu da Zubizarreta partidaren bigarren zati horretan, eta hor joan zaizkio irabazteko aukerak. Bakaikoa ondo kokatuta egon da kantxan, eta alde batetik bestera ibili du gipuzkoarra. Sakez eta bi paretaz ere egin ditu tantoak nafarrak.

Bigarren zati horretan aukera izan duenean ere ez du asmatu Zubizarretak tantoak bukatzen, eta bere buruarekin haserre ere antzeman zaio. Rafael aita zuen botilero, eta hark pazientzia eskatu dio, ez sartzeko bizkorregi pilota jotzera, eta aukera etorri arte itxoiteko.

Zubizarretaren ezintasunaren seinale izan da besoak nola altxatu dituen ikustea Bakaikoaren 11 tantoko erreskada eten duenean. Ez dio poztasunak luze iraun, ordea. Bakaikoak bere jokoari eutsi dio, eta nahiz eta Zubizarretak tanto guztiak borrokatu dituen, ezin izan du etxarriarraren jokoaren aurrean askorik egin. Bakaikoaren 20. tantoan zabalean ozta-ozta eraman du pilota, eta ondo utzi du alboko marraren ondoan, baina Bakaikoak eraman, eta txokoan egin du tanto.

Bakaikoaren sakea motz geratu da orduan, eta Zubizarretak sakez egin du hamargarrena. Baina hurrengo tantoan ez du huts egin Bakaikoak, eta irabazi egin du Bigarren Mailako finala. Urduri hasi dela esan du Bakaikoak, eta hankak ez zituela nahi bezain fresko, baina bere helburua ekimena hartzea zela eta lortu duela. Hirugarren txapela promozio mailan du, eta gurasoei eskaini die. Datorren urtean lehen mailako txapelketan jokatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.