Aberatsak

Elon Muskek Teslako bere akzioen %10 saldu behar dituela erabaki du Twitterrek

Munduko pertsona aberatsenak inkesta bat egin du asteburuan, zergak pagatzeko akzioak saldu behar dituen galdetzeko

Elon Musk, Teslaren buruzagia, artxiboko irudian. PATRICK PLEUL / EFE
Irune Lasa.
2021eko azaroaren 8a
11:42
Entzun

Munduko aberatsena da Elon Musk, Tesla konpainiaren sortzaile eta akziodun nagusia, 338.000 milioi dolarreko (292.000 milioi euro) dirutzarekin. Muski ez dio grazia handirik egiten zergak ordaintzeak; ez da asko ordaintzen dituelako izango, baina behin baino gehiagotan kexatu da. Orain, dirudienez, batzuk ordaindu beharko ditu.

Teslaren akzioen %17 ditu bereak Muskek: horiek dira haren aberastasun nagusia. Dirutza da, bateria eta auto elektrikoen aroaren aitzindarietako bat delako Tesla, eta merkatuan irautea soilik ez, aurrera egitea ere lortu duelako. Gero eta balio handiagoa dute akzio horiek, baina kapital hazkunde horrengatik ez du zergarik ordaintzen Muskek, gauzatu gabeko irabaziak direlako.

Ultraaberatsak gero eta aberatsago dira AEBetan, eta, aldi berean, desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira han; horregatik, eztabaida bor-bor dago. Gauzatu gabeko irabazi horiek zergapetzeko proposamen bat mahai gaineratu berri du Alderdi Demokratak senatuan, eta neurriak herrialdean bizi diren 700 pertsona aberatsenei eragingo liekeela kalkulatu dute. Baina Teslaren sortzaileak beste modu batean pentsatzen du; uste du neurria beste herritar guztiengana iritsi daitekeela: «Azkenean, besteen dirurik gabe gelditu, eta zugana datoz».

21.000 milioi dolarreko salmenta

Asteburu honetan, Twitterren agertu da berriz Musk, zergekin berriz ere ahobero. Larunbatean, txio batean inkesta bat zabaldu zuen, ea Teslako bere akzioen %10 saldu behar zituen ala ez. 21.000 milioi dolar inguruko salmenta litzateke (18.200 milioi euro), 4.000 milioi dolar zergetarako. Inkestaren emaitza beteko zuela hitzeman zuen.

Eta Twitterrek baietz erabaki du, saldu behar dituela bere akzioen %10 horiek. Hiru milioi eta erdi botoetatik, ia %58 izan dira baiezkoak.

Muskek hitza beteko duen ikusteko dago, eta pentsatzekoa da hala egitekotan ez dituela akzioak kolpean salduko. Halako salmenta handi batek, normalean, konpainia baten akzioaren balioa beherantz bultzatuko luke, eta agian hori gertatuko da gaur, Wall Street zabaltzen denean.

Baina batetik Teslaren beraren egiazko proiekzioak eta bestetik operazioa Musken beste xelebrekeria baten gisan hartua izateak balio galera eragotzi edo arinduko du. Edonola ere, Teslaren buruak lortu du gehien gustatzen zaiona egitea: protagonista izatea. Hainbaten atsekaberako.

«Munduko gizon aberatsenak zergak ordaintzen dituen ala ez, horrek ez luke Twitterren mende egon behar», gaitzetsi du Ron Wayden senatari demokratak. «Bilioidunen errentaren gaineko zergarako garaia da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.