Nikaragua

Ortegak botoen %75 eskuratu ditu, lehen emaitzen arabera

Nazio Askapenerako Fronte Sandinistak irabazi ditu igandeko presidentetzarako bozak, eta bigarren tokian geratu da Alderdi Liberal Konstituzionalista, botoen %14,4rekin.

Herritar bat bozkatzen, igandean, Managuan. JORGE TORRES, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 8a
11:43
Entzun

Iragarpenak bete egin dira Nikaraguan, eta, lehen emaitzen arabera, egungo estatuburuak, Daniel Ortegak, bosgarren agintaldi baterako onespena jaso du —jarraian egingo duen laugarrena—. Hala, Hauteskunde Auzitegi Gorenak zabaldutako datuen arabera, botoen %74,99 lortu ditu Ortega buru duen FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistak, eta %14,4 bigarren geratu denak, Alderdi Liberal Kontserbadoreak. Oraingoz botoen %49,25 zenbatu dituzte, baina, azken orduko aldaketarik ezean, ziurtzat jotzen da Ortegak karguan jarraituko duela.

Nazioartean kritikak izan dira nagusi Nikaraguako presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeez hitz egiterakoan. Ortegak eta presidenteordeak, haren emazte Rosario Murillok, gogor egin dute azken hilabeteetan oposizioko alderdi eta hautagaien aurka, eta haietako askok erbestera jo dute babes eske, Costa Ricara. Hala, ez da harritzekoa hango gobernuak bozen emaitzei entzungor egin izana. Carlos Alvarado presidenteak sare sozialetan zabaldutako mezuan jasotzen duenez, herrialdeak ez ditu onartzen Nikaraguako bozak, «berme eta baldintza demokratikorik gabe» egin zituztelako.

Oso bestelako jarrera izan du Venezuelako presidente Nicolas Madurok, zeinak zoriondu egin zuen Ortega «modu baketsuan» egindako hauteskundeengatik, eta haren aurka jotzea egotzi zien «inperialismoari eta haren aliatuei». Antzeko adierazpenak egin zituen atzo Ortegak berak, eta nabarmendu «bakearen eta terrorismoaren artean» aukeratzen ari zirela herritarrak. Hauteskunde Auzitegi Gorenaren arabera, parte hartzea %65 ingurukoa izan zen igandeko bozetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.