Lan baldintzak

Bizkaibusek kontratua finkoa egin beharko die 50 gidariri

ELAk egindako salaketaren harira, Lan Ikuskaritzak ebatzi du langile horiek betetzen dituzten lanpostuak egiturazkoak direla.

Bizkaibusen Ezkerraldeko zerbitzuetan gertatu da iruzurra. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 8a
12:34
Entzun

Bizkaibusen Ezkerraldeko zerbitzua ematen duten bost enpresetako hiruri dagokie ELAren salaketa: Meatzaldea Bus, Grupo Avanza eta Grupo Acha Movilidad. Hirurei eskatu die Lan Ikuskaritzak haien behin-behineko 50 langileren kontratuak finko bihurtzeko, egiaztatu duelako haien lana egiturazkoa dela, eta ez aldi baterakoa.

Agiri baten bidez, ELAk ziurtatu du aspaldiko kontua dela Bizkaibuseko zerbitzu publikoa eskaintzen duten enpresek sistematikoki erabiltzea aldi baterako kontratuak. «Gehiegikeriaren eta iruzurraren» laguntzaile egin du Bizkaiko Aldundiko Garraio Departamentua, egoeraren berri izan arren ez duelako inoiz neurririk hartu.

Azken urtean ELA aldundiko arduradunekin bildu da, baita Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politikoekin ere, kontratuetan gertatzen den iruzurra salatzeko. Izan ere, jokabide horren ondorioz, enpresek Bizkaiko zergadun guztion diruarekin ordaintzen dituzte langileen kalte ordainak, legea urratu dutelako.

ELAk zera eskatzen du: alde batetik, enpresei, legea bete dezatela, egiturazko lanpostuak langile finkoekin eta lanaldi osoko kontratuekin bete ditzatela, gainerako langileen baldintza berberekin; eta, bestetik, foru aldundiari eskatzen dio bermeak eman ditzala, bestela legez kanpoko egoera horren arduradun izango delakoan, neurri batean zein bestean. ELAren iritziz, onartezina da diru publikoa baliatuz zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresek legea sistematikoki urratzea eta administrazioek hori zuzentzeko ezer ere ez egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.