EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Irune Costumerok jarritako helegitea

Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren epaia ontzat jo du, eta berretsi egin du lau akusatuen errugabetasuna; aldundiko haurren arreta zerbitzuko lau langile epaitu zituzten.

Epaiketaren irudi bat, auzitegian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 8a
14:11
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Zibil eta Penalako aretoak berretsi egin du Irune Costumeroren auzian epaitu zituzten Bizkaiko Foru Aldundiko lau langileen errugabetasuna. Akusatuek aldundiko Gizarte Ekintzan umeen eta nerabeen babeserako zerbitzuan egiten dute lan —horietako bat Sergio Murillo da, Gizarte Ekintzako diputatua, eta beste hirurak diputazioko haurren arretarako langileak—, eta ekainean epaitu zituzten, Bizkaiko Probintzia Auzitegian, prebarikazio administratiboa, haurraren aurkako tratu txarrak eta lesio psikikoak egotzita.

Akusazioak bost urteko espetxe zigorra eskatu zuen lau auzipetuentzat, eta hamabost urteko inhabilitazioa enplegu publikorako. Costumerok 2017an jarritako salaketa batean oinarritzen da auzia: «agindu judizialik gabe» bost urteko alabaren zaintza kendu zioten, GAS gurasoen alienazio sindrome faltsua argudio gisa hartuta, nahiz eta NBEk eta beste hainbat erakundek hura erabiltzearen aurka egin —egun, GASa erabiltzea legez debekatuta dago Hego Euskal Herrian—. Akusazioak haurraren aitaren aurkako salaketa zuen jarrita, genero indarkeriagatik, baina artxibatu egin zuten.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak absolbitu egin zituen lau auzipetuak. Epaiaren arabera, akusazioak azaldutako egitateak «ezin dira hartu prebarikazio administratibo delitutzat», eta «ez da nahikoa frogarik aurkeztu» tratu txarren eta lesio psikikoen delituak egiaztatzeko. Costumeroren iritziz, «inork» ez zuen egin «umearen alde», eta adierazi zuen haurren «defentsan» jarraituko zuela, «legea eskuan, tortura instituzionalari aurre eginez». Helegitea jarri zion epaiari.

EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, Bizkaiko auzitegiak hartutako erabakia berretsi du joan den asteko epai batean: «Bidezkoa da auzipetuak absolbitzea, arrazoibide horiek ezin baitira inola ere irrazionaltzat edo funtsik gabekotzat jo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.