Errugbia

Baionako ASB Neskak errugbi taldeko jokalariak greban daude, baldintza txarrengatik protestan

Atzo uko egin zioten Okzitaniako Tolosaren aurkako partida jokatzeari. Jokalariak eta bitartekoak falta dituztela salatu dute.

Montpellier eta AS Baiona taldeen arteko finalerdiko partidaren irudi bat, 2018-2019 denboraldian, Frantziako Elite 1 Ligan. MONTPELLIER RC
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 8a
15:41
Entzun

Planto. Baionako errugbi zelaian talde bakarra agertu zen atzo: Tolosako (Okzitania) bisitariak. Etxeko ASB Neskak taldearen aurka zuten partida, baina baionarrek, zuzendaritzarekin hitz egin ostean, bozketa egin zuten, eta partida ez jokatzea erabaki zuten. Aspaldi dira kexu ASB taldeko emakumezkoak, Frantziako Elite ligan jokatu arren ez dituztelakoan horretarako behar diren baliabideak.

Jokalariek esan dute gogorra izan zaiela erabakia hartzea, baina ezinbestekoa zutela beren ahotsa entzunaraztea. Goizean, klubeko zuzendaritzarekin mintzatu ziren. Azken boladan hainbat jokalari joan direnez, lehen lerro osoa falta zutela adierazi zioten klubari, eta azaldu zioten bigarren mailako taldeko jokalariak zelaira ateratzea haiek fisikoki arriskuan jartzea litzatekeela. Jokalariek esan dute bilera tentsio handikoa izan zela, eta sentitu zutela zuzendaritzak ez zituela serio hartzen. Beraz, keinu ikusgarri bat egitea erabaki zuten: partida ez jokatzea proposatu zuten, txapelketarako ez duela kontatzen baliatuta. Bozkatu zuten, eta boto batengatik erabaki zuten greba egitea.

Jokalaririk ez

Baionarrek argudiatu dutenez, entrenatzeko ere larri dabiltza, jokalariak falta dituztelako, eta prestaturik ez dauden jokalariekin aritzera behartu dituztela salatu dute. Taldea zahartzen ari dela adierazi dute, eta inbertsio gehiago egiteko eskatu diote klubari.

Egoerak eragina izan du taldearen emaitzetan: ligako azkenak dira, 16 puntu sartuta (122 sartu dizkiete eurei).

ASB Neskak taldeko jokalariak ez dira profesionalak, eta ez dute dirurik jasotzen jokatzeagatik. Nabarmendu dute ez direla dirua eskatzen ari, kobratuko ez zutela jakinda sartu zirela klubean.

Zuzendaritzak onartu egin du taldeak ez duela errugbiaren munduak bezain azkar eboluzionatu. Halere, argudiatu du aurten prestatzaile fisiko bat jarri diela jokalariei, eta gimnasio bat daukatela eskura, bi jokalariri lana eman dietela Aviron taldean, beste biri ikasketekin lagundu dietela, eta kilometroak konpentsatzeko ordaintzen dieten dirua handitu dutela.

Klubak adierazi du ezin izan duela galarazi hainbat jokalari Tolosako taldera joatea, eta gogorarazi du kostaldeko lehenengo taldea izan zela neskak onartzen, 1992an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.