Bertsolaritza

Xilabaren finala datorren larunbatean eginen da, Donibane Lohizunen

Kanpos Berri Jai Alaian izango da, eta Andoni Iturriozi eskatu diote txapela jantz diezaion irabazleari. Hiru bertsolarik Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako txartela lortuko dute. BERRIAren webgunean zuzenean izanen da ikusgai finala.

Amets Arzallus Antia, Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Hiribarren. Miren Artetxe Sarasolak ere parte hartuko du, prentsaitzinekoan ez bazen ere. GUILLAUME FAUVEAU
Ainize Madariaga
2021eko azaroaren 8a
16:23
Entzun

Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko Bertsolari Txapelketa akitu gabe eten behar izan zuten COVID-19a dela kausa. Aurten, berriz, pandemiak ezin izan dio poxelurik jarri: heldu den larunbatean egingo baita, Donibane Lohizuneko Kanpos Berri Jai Alaian, 17:00etan. Bertaratuko ez direnek ere ikusi ahal izanen dute Xilabako finala, BERRIAren webgunean.

Txapelketan parte hartu duten 24 bertsolarietatik sei dira lehiatuko: Amets Arzallus Antia, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Odei Barroso Gomila, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Hiribarren. Haietatik hiruri zabalduko zaie heldu den urteko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako borta. Iaz baino lau bertsolari eta saio gutiago izan dira aurten, eta horrek ekarri du finalerdietatik finalera «salto handia» eman dela: hemezortzi bertsolarietatik sei baizik ez baitira taula gainean baratu.

Aurtengo Xilabak publiko «gutxixeago» ukan du, antolatzaileen arabera osasun ziurtagiria eskatzeak eta pandemiak sortu debekuek eragin dute, bai ere, une berean ekitaldi franko eta bertze bi bertsolari txapelketa izateak.

Donibane Lohizuneko saioan Amaia Castorene eta Aritz Bidegain ariko dira aurkezle lanetan.

Seikotetik gailenduko denari, berriz, Andoni Iturriozek dio txapela jantziko. Izan ere, Senperen (Lapurdi) dagoen Larraldea etxea Bertsolarien Lagunak elkarteari uzten baitio, euskalgintzako bertze bederatzi elkarteri bezala. Eskuzabaltasunaren eskertzeko, VI. Xilabako txapeldunari txapela janzteko ohorea eman diote Iturriotzi, zeinak «bertsolaritza eta, oro har, euskal kultura eta euskal nortasuna, itzaleko lanetik hainbeste lagundu» baitu.

Agurraren ondotik, hauek izanen dira sei bertsolariek osatu beharko dituzten hamabosna bertso puntuagarri: 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu; 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu; banaka, hiru punturi erantzun; 10eko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu; kartzela banaka, gaia emanda, hiruna bertso. Buruz-burukoan ere hamabosna bertsu puntuagarri eginen dituzte: 6ko motzean ofiziotan binaka, hiruna bertsu; 8ko ttipian ofiziotan binaka, hiruna bertsu, eta, kartzela banaka, gaia emanda, hiruna bertso.

Seikoteko irabazlea zein den salatu ondoren kantatuko denek bukaerako agurra.

Bertsularien Lagunak elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie Xilaba posible egiten duten guziei: bertsolariei, gai emaile eta epaileei; entzuleei, herriko etxeei, eta Baigura ikastola, Ametza ikastola, Amikuzeko ikastola, Donibaneko ikastola, Garaziko eta Azkarateko ikastolak eta Muskildi Bizi elkarteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.