Zergak

Eudelek eskatu die aldundiei gainbalioaren zerga «bizkor» berritzeko

Espainiako Gobernuak bere araudia moldatu du, eta aukera eman du gainbalio errealaren arabera ordaintzeko. Gipuzkoako Diputazioak onartu du berak ere aldatu beharko duela bere araudia.

Gorka Urtaran Eudeleko lehendakaria. DAVID AGUILAR / EFE
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 8a
17:51
Entzun

Udalek presa dute. Azken bi asteetan salerositako etxebizitzen gaineko gainbalioaren zergarekin zer gertatuko den kolokan dago, Auzitegi Konstituzionalak Espainiako araudia baliogabetu baitzuen urriaren 26an jakinarazitako epai batean. Espainiako Gobernuak atzo bertan aurkeztu zuen bere araudi berria, eta aldundiek ere berea «bizkor» eta «modu harmonizatuan» egokitzeko eskatu du Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudel elkarteko presidenteak.

Gainbalioaren zerga udalak finantzatzeko tresnetako bat da, eta etxe jabeek udal lurraren erabilerari ateratzen dioten etekina zergapetzen du. Zerga horren gaineko eskuduntza dute Nafarroako Gobernuak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, eta, hortaz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiak ez die modu zuzenean eragiten.

Baina arauak oso antzekoak dira, eta, gainera, gainbalioaren zerga kalkulatzeko modua bera jarri zuen auzitan Konstituzionalak, eta horretan ez da alde handirik, ez bada 2017an foru ogasunek bereak moldatu zituztela, etxebizitza baten salmentan irabazirik ez bada—erosi baino prezio txikiagoan saldu dela frogatuz gero—, zergarik ez ezartzea erabaki zutela.

Gainbalio errealaren araberako ordainketa

Espainiako Gobernuak gaur aurkeztutako erreformak kendu egingo du han ere galera dagoenean zerga ordaindu behar izatea. Gainera, bi aukera emango ditu aurrerantzean gainbalioaren zergari buruz. Bata da benetako gainbalioaren arabera ordaintzea; hau da, erositako prezioa eta saldutakoa hartzea, eta irabazia bada, horren zati bat pagatzea. Bigarren aukera da etxebizitza bakoitzaren katastro eguneratua izatea erreferentzia; gero eta urte gehiago izan etxebizitza —edo lurra— jabetzan, gehiago ordaindu beharko da gainbalioaren zergan.

Pentsa daitekeenez, lehen aukera izango da erabiliena, batez ere katastroarekin gerta daitekeelako etxebizitza baten balio teorikoa asko handitzea, baina benetakoa aldaketa txikiagoa izatea.

Azken berritasun bat ere badu Madrilen dekretuak: etxebizitza bat erosi eta urtebetea bete arte salduz gero ere ordainduko da gainbalioaren zerga. Orain arte ez zen egiten, taulak eguneratuta ez zeudelako.

Epaia aztertzen ari dira

Eudelen eskariari eta Espainiako Gobernuaren dekretuari arretaz baina larritasunik gabe erantzun diete Hegoaldeko erakundeek. Auzitegi Konstituzionalaren epaia aztertzen ari direla esan die Bizkaiko Ogasunak berri agentziei, eta azalpen hori bera eman diote Gipuzkoako Ogasuneko BERRIAri.

Hori bai, iturri horiek beraiek onartu dute litekeena dela foru araudia luze gabe aldatu behar izatea: «Sententziak Estatuko araudiari eragiten dio baina haiek eta guk metodologia berdina darabilgunez zerga honetan, ez dirudi foru araudiak ibilbide luzerik izango lukeenik». Egin ditzaketen moldaketak aztertzen ari dira: «Noski, Madrilek onartu duena ere begiratuko dugu».

Edonola ere, Gipuzkoako Aldundiak nabarmendu nahi izan du gainbalioaren zergaren pisua txikiagoa dela Hego Euskal Herriko udalentzat Espainiakoekin alderatuz gero. Horrela, Gipuzkoan, udal guztien artean urtean 1.000 milioi inguruko sarrerak dituzte, eta zerga horretatik hogei milioi jasotzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.