Hegazti babestuak

Gabirai bat tiroz jota agertu da, laugarren hegazti babestua hilabeteko epean

Eguzkik salatu duenez, urriaren 27an bota zuten, Usurbilgo (Gipuzkoa) Andatza auzoan. Bizirik aurkitu zuten, baina Igeldoko Arrano Etxean hil zen, handik gutxira.

Gabirai bat, Eguzkik zabaldu duen argazkian. EGUZKI
2021eko azaroaren 9a
12:10
Entzun

Urrian, espezie babestuetako lau hegazti jo dituzte gutxienez tiroz Gipuzkoan. Gaur eman du azkenaren berri Eguzki talde ekologistak: gabirai bat da (Accipiter nisus), eta urriaren 27an bota zuten, Usurbilgo (Gipuzkoa) Andatza auzoan. Bizirik aurkitu zuten bizilagun baten balkoian, eta, Igeldoko Arrano Etxera bizirik eraman zuten arren, handik gutxira hil zen. Eguzkik fiskaltzan salatu du gertakaria.

Talde ekologistaren arabera, hilabetean lau hegazti bota izanak agerian utzi du «arazo kroniko bat, Gipuzkoa Foru Aldundiak orain arte behar bezala tratatu ez duena»: «Horregatik poztu ginen lehengoan Jaizkibelgo hainbat ehiza postu itxiarazi zituenean. Alabaina, ikusteko dago benetan aldundiaren politika berri baten abiapuntua den», adierazi du Eguzkik.

Gainera, gogorarazi dute babestutako hegazti bat tiroz botatzea ingurumenaren aurkako ustezko delitua dela, «kartzela zigorra ere ekar dezakeena»: «Bada, hemen hegaztiak tiroz botatzen dira, eta inoiz gutxitan izaten du zigorrik», gaitzetsi dute.

Laugarrena

BERRIAk gaur bertan argitaratu du Tirokatze 'tronpatuak' erreportajea. Han azaltzen dira tiroz jota agertu diren beste hiru hegazti harraparien kasuak: arrano txiki bat (Hieraaetus pennatus) Errezilen, urriaren 6an; elanio urdin bat (Elanus caeruleus) Seguran, urriaren 16an; eta belatz handi bat (Falco peregrinus) Hondarribian, urriaren 24an. Arrano txikia eta belatz handia hil egin dira; elanio urdina Donostiako Arrano Etxean osatzen ari da, «apurka-apurka».

Tamalez, ez da fenomeno berria. Ehiza garaian gora egiten dute horrelakoek; datuek hala diote. Igeldoko Arrano Etxeak, adibidez, 2020an, tirokatutako 33 hegazti jaso zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.