Kasedako hilketagatik zigortutakoetako bati 45 urtera jaitsi diote zigorra

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du espetxealdi iraunkor berrikusgarria kendu behar zaiola, aitari arma emateagatik ezin zaizkiolako egotzi semeari hiru hilketak.

Epaiketaren irudi bat, auzitegiko pantaila batean. JESUS DIGES, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 10a
11:38
Entzun

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zigorra murriztu dio Emilio Jimenezi, Kasedako hilketa hirukoitzean tiro egin zezan aitari arma eman zionari, eta, espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren ordez, 45 urteko espetxe zigorra ezarri dio, Kasedan 2018an hil zituzten familia bereko pertsona bakoitzeko hamabost urte.

Joan den ekainean, Nafarroako Auzitegiak Emiliori eta Juan Carlos Jimenez aitari espetxealdi zigor berrikusgarria ezarri zien, 2018an Fermin Jimenez Etxeberria eta haren seme Jose Antonio eta Cristian tiroz hiltzeagatik. Epaiketan, Juan Carlos Jimenezek bere gain hartu zituen hilketak, baina Emilio semeari ere, aitari bezala, espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri zioten, bera izan zelako aitari tiro egiteko arma eman ziona. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak orain ebatzi du, ordea, arma emateagatik ezin zaiola egotzi ondoren gertatutakoaren hildakoen kopurua, hori tiro egin zuenari dagokiola argudiatuz.

Gakoa da Espainiako Zigor Kodearen arabera bi pertsona baino gehiago hiltzea dela espetxe zigor berrikusgarria ezartzeko arrazoietako bat, hilketa oso larritzat jotzen duelako. Nafarroako Auzitegi Nagusiak azaldu du arma emate hutsagatik ezin zaizkiola Emilio Jimenezi hiru hilketak leporatu, hildako kopurua haren kontrolpean ez zegoen aldagai bat delako.

Nafarroako mota horretako lehen zigorrak

Nafarroan ezarri diren lehen espetxe zigor berrikusgarriak izan ziren Jimenez aita-semeenak. 2018ko irailaren 18an, Fermin Jimenez eta haren bi seme hil zituzten Kasedan. Nafarroako SOS larrialdi zerbitzuek 18:53an jaso zuten abisua: hainbat bizilagunek salatu zuten Kasedako kale batean «istiluak» piztu zirela eta eztabaidan ari zirenetako batzuek eskopetak zeramatzatela. Larrialdi zerbitzuek Foruzaingoko zenbait patruila igorri zituzten hara, baita anbulantziak eta helikoptero medikalizatu bat ere. Hiru hilotz topatu zituzten kalearen erdian.

Fiskalaren arabera, Juan Carlos Jimenezek eta Emilio eta Juan Carlos semeek zuzeneko parte hartzea izan zuten erasoan, eta bakoitzarentzat 60 urteko kartzela zigorra eskatu zuen epaiketan. Akusazio partikularrak, halaber, espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu zuen hirurentzat. Epaia aurtengo ekainaren 1ean eman zuten. Aitari hogei urteko espetxe zigorra ezarri zioten Fermin Jimenez hiltzeagatik, beste hogei urte Cristian Jimenez hiltzeagatik, eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria Jose Antonio Jimenez hiltzeagatik.

Epaiketan, ebatzi zuten hiltzailearen seme nagusiak, Juan Carlos izenekoa hori ere, ez zuela parte hartu hilketetan, baina Emilio Jimenez beste semeari hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zioten lehen bi hilketetako bakoitzarengatik eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria hirugarrenagatik. Orain, baina, Nafarroako Auzitegi Gorenak espetxealdi iraunkor berrikusgarria kendu dio, eta beste hamabost urte gehitu dizkio lehenengo bi hilketengatik ezarritako zigorrari. Beraz, 45 urteko espetxe zigorra bete beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.