Zinema

Genero berdintasunerantz bultzatu asmo duen programazioarekin abiatuko dute Zinebi etzi, Bilbon

Etzi hasi eta azaroaren 19ra bitartean 123 film proiektatuko ditu 63. Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak. Emakumeek zuzendutako lanak izango dira proiektatuko dituzten erdiak baino gehiago.

Nicolai G. H. Johanen zuzendariaren 'Inherent' film laburra da lehian parte hartuko duen lanetako bat. ZINEBI
Inigo Astiz
2021eko azaroaren 10a
12:08
Entzun

«Jaialdi baten programazioa intentzio deklarazio bat da». Vanesa Fernandez Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiko zuzendariarena da esaldia, eta, ikuspegi horren arabera, emakumezko sortzaileen lanen ikusgaitasuna sustatzea da jaialdiaren intentzio argienetako bat, etzi hasi eta azaroaren 19ra bitarte egingo den festibalean. Izan ere, andrazko zuzendariek zuzendutakoak dira jaialdian proiektatuko diren 123 filmen erdiak baino gehiago. Iaz hibridoa izan zen jaialdia, erdi digitala eta erdi presentziala, koronabirusak eragindako osasun krisiari aurre egiteko, eta eutsi egingo diote aurten ere eredu bikoitz horri. Bilboko aretoetan ez ezik, Filmin plataforman ere hainbat film jarriko dituzte ikusgai. Euskarazko azpidatziak izango dituzte lan guztiek bai aretoetan eta baita sarean ere. Eta, guztiaren gainetik, eskaintzaren kalitatea ere defendatu du zuzendariak. Fernandez: «Harro egoteko modukoa da programazioa». Jaialdiaren webgunean ikus daiteke osorik jadanik.

Ostiralean egingo dute irekiera jaialdia, Bilboko Arriaga antzokian. Sra Polaroiska kolektiboak zuzenduko du ekitaldia. Capsula taldearen emanaldia ere hartuko du saioak, eta lehiaketa ofizialean parte hartuko duten zazpi euskal film proiektatuko dituzte. Hilaren 19an ere Sra Polaroiskakoak arduratuko dira itxiera ekitaldiaz; kasu horretan, Moonshakers taldearekin batera egongo dira oholtzan, eta palmaresaren berri emango dute. Eta zinema ordu sorta batek lotuko ditu jaialdiaren bi mutur horien bitarteko guztiak.

Sail ofizialak

3.500 proposamen jaso ostean hautatu dute antolatzaileek programazioa osatuko duen film multzoa. 55 lehiatuko dira jaialdian guztira, eta aurrez ere sariren bat edo beste jasotakoak dira haietako 54. Bi atalek osatzen dute sail ofiziala: Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan proiektatutakoek, batetik, eta ZIFF Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketaren barruan emango direnek, bestetik. Azkenak beren lehen lana aurkezten dabiltzan zuzendari berrien filmak hartzen ditu.

Dokumental luzeak

Urteko lanik onenak biltzen dituen antologia moduko bat da Beautiful Docs saila. Jaialdi batean zein bestean proiektatutako film dokumental luzeak programatu dituzte izenburu horren pean, eta aurten hamar hautatu dituzte, guztiak lehiaketatik kanpo emango dituztenak. 2017an Zinebiko Ohorezko Mikeldi saria jaso zuen Marco Bellocchio zinemagilearen Marx puó aspettare lana izango da tartean, baita, 2018an Ohorezko Mikeldi saria jaso zuen Mariano Llinas zuzendariaren Concierto para la batalla de El Tala ere.

Emanaldi bereziak

Pandemiaren arrastoa igarriko da oraindik Zinebin. Koronabirusak eragindako osasun krisiari aurre egiteko ezarritako itxialdian filmatutako hainbat lan labur proiektatuko dituzte Itxitik izeneko programan. Eusko Jaurlaritzak, Zineuskadik, Zinemaldiak eta Zinebik lagunduta, itxialdi betean film labur bana sortzeko laguntzak jaso zituzten zortzi euskal zinemagilek, eta lan horiek ikusteko aukera emango du jaialdiak. Iban del Campo, Borja Crespo, Imanol Lopez de Segura, Kevin Iglesias, Pedro Rivero, Maider Oleaga, David Perez Sañudo eta Mikel Rueda dira sortzaile horiek.

Focus: Mexiko, zinema eta emakumeak izeneko atalean herrialde horretako hainbat emakumezko zinemagileren lanak proiektatuko dituzte, guztiak ere hizkuntza gutxituetan sortutakoak. Kasu horretan, Yunuen Cuencak egin ditu komisario lanak. Greziako hiru film ere eskainiko dituzte Peloponnisos at Zinebi atalean.

Bilboko Vulk taldeak ere diziplinarteko emanaldi berezia eskainiko du igandean. Zuzeneko kontzertu baten eta film dokumental baten arteko hibrido bat da Vulk ez da izeneko emanaldia, eta BBK aretoan aurkeztuko dute, doako sarrerarekin.

Azaroaren 20an, jaialdia bukatu ostean, emanaldi berezi bat egingo dute, sarituak suertatu diren lan guztiekin.

Euskal ekoizpenak

Guztira, Euskal Herrian sortutako 45 film ikusi ahalko dira jaialdian. Lehiaketa ofizialean izango dira haietako zazpi: Miel Arranzek zuzendutako Azaletik azalera; Berak baleki Aitor Gametxorena; Kinka Maider Oleagarena; Txuspo Poyoren Love Needs Time to Kill; Aitor Oñederraren Ur azpian lore; Vatios David Perezena; eta Yungai 7020 Raquel Calvo eta Elena Molinarena. Eta, hain zuzen ere, horiek dira inaugurazio ekitaldian ikusiko diren lanak.

Horiez gainera, Bertoko Begiradak izeneko atala ere antolatu du jaialdiak. Kasu horretan, Euskal Herrian sortutako hamar film dokumental luzek eta hogei film laburrek osatzen dute hautaketa, eta, antolatzaileek diotenez, 2021ean izan denaren «laburpen» moduko bat eskainiko du.

Ohorezko sariak

Urtero bezala, aurten ere bi ohorezko Mikeldi sari emango ditu jaialdiak. Margarethe Von Trottak jasoko du bata, eta Imanol Uribek bestea. «Bere zinemaren sendotasunagatik eta zintzotasunagatik» saritu dute aktore, gidoilari eta zuzendari alemaniarra, eta baita Alemaniako Zinema Berriaren «emakumezko ahots handia» izan eta erakutsi duen «bikaintasunagatik» ere, jaialdiko antolatzaileen hitzetan, «zinemaren historiako zinemagile feministarik eragingarrienetako bat» baita Von Trotta.

Imanol Uriberen kasuan, jaialdiarekin ia hasieratik izan duen gertutasuna nabarmendu dute, haren ibilbidearen lorpenekin batera. «Trantsizioko euskal gizartearenganako begirada zinematografiko nagusietako bat da».

Sariak

Ia 60.000 euro inguru banatuko ditu jaialdiak saritan. 7.000 euro jasoko ditu, esaterako, Zinemaldiaren Sari Nagusia jasotzen duenak; 12.000 euro ZIFF Sari Nagusiaren irabazleak, eta 2.000 euro ZIFF Gazte Epaimahaiaren Sariarenak. 6.000 euroko saria izango dute Euskal Zinemaren Sari Nagusiak eta Espainiako Zinemaren Sari Nagusiak, eta 5.000 eurona fikziozko, animaziozko eta dokumental laburrik onenek. Horrez gainera, ikus-entzuleen saria, gidoirik onenaren saria, FAS Zineklubarena, Publikoaren EITB Saria eta Unicef saria ere banatuko dituzte.

Bost kidek osatuko dute sail ofizialeko epaimahaia: Isabel Herguera animazio zuzendariak, Itandehui Jansen zuzendariak, Jone Laspiur aktoreak, James Lattimer programatzaileak eta Florencia de Mugica ekoizleak. Eta hiru kide izango ditu ZIFF Zinebi First Film saria hautatuko duen epaimahaiak: Helena Wittmann zinemagilea, Paula Arantzazu kazetaria eta Eva Sangiorgi idazle eta programatzailea.

Ekoizpena laguntzeko sari bat ere badauka jaialdiak. Orain dela hiru urte sortu zuten Zinebi Networking izeneko laguntza, Euskal Herrian ekoiztu eta koproduzitutako film dokumental luzeak bultzatzeko, eta 10.000 euro bideratuko dituzte horretarako. Itxiera ekitaldian jakinaraziko dute sari hori ere.

Sarrerak

Proiekzio gehienek 4,5 euroko prezioa izango dute, baina izango da hamar saioko bonu bat erosterik ere, 35 euroan, eta langabeek, erretiratuek eta gazteek 20 euroko bonuak izango dituzte eskura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.