Teknologia

Googleri ezarritako lehen isuna berretsi du Europako Auzitegi Orokorrak

Luxenburgoko auzitegiak ez du onartu erraldoi teknologikoak jarritako helegitea, eta 2017an ezarritako 2.420 milioi euroko zigorra mantendu du.

Margrethe Vestager lehia komisarioa Google Shopping auziaren nondik norakoak azaltzeko eginiko agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko azaroaren 10a
12:34
Entzun

Europako Auzitegi Orokorrak ez du onartu Googlek jarritako helegitea, eta hark ordaindu beharreko 2.420 milioi euroko isuna berretsi du. Horrenbestez, epaileek arrazoia eman diote Europako Batzordeari (EB) Google Shopping auzian, konpainiari ezarritako hiru isunetako aurrenekoan. 2017ko auzia da,eta, epaileen ustez,frogatuta gelditu da Googlek lehiaren aurkako jarduna izan zuela bere salmenta atari propioa promozionatzean. Dena den, auzibidea ez da bukatu, Googlek Europako Batasuneko Justizia Auzitegian beste helegite bat jartzeko eskubidea baitu. Hura da Europako epaitegi gorena.

Margrethe Vestager EBko Lehia komisarioak beste round bat irabazi du enpresa teknologiko handien aurkako borrokan. 2017an Europak isuna ezarri zion Googleri Google Shopping atariaren erabilerarengatik. Internet bidezko merkatuan duen aginte posizioa lehiakideei kalte egiteko baliatu izana egotzi zion. Googlek helegitea jarri zionzigorrari, eta, lau urte geroago, Auzitegi Orokorrak Vestagerren tesia berretsi du bere ebazpenean: «Lehiakideen arteko prezioen alderaketa egitean, Googlek bere zerbitzuak lehenesten ditu eskaintzarik onena besteen gainetik jarri beharrean».

Epaileek Googleren defentsako argudio nagusia ezeztatu dute ebazpenean. Konpainiak esan zuen bere algoritmoak aldatu zituela zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, baina, epaileen ustez, ez da nahikoa: «Googlek ez du frogatu jardun horrekin hobeturiko eraginkortasunak lehiari egindako kaltea indargabetzen duenik». Konpainia, baina, ez dago ados, eta, enpresako bozeramaile batek azaldu duenez, 2017az geroztik gogor aritu dira lanean egoera konpontzeko, eta «milioika klik» eragin dituzte salmenta zerbitzuak konparatzen dituzten 700dik gora ataritan.

Helegitea

Azalpen hori zabaldu arren, Googlek ez du erantzun ofizialik eman. Ebazpena «xehetasun handiz» aztertu nahi du lehenbizi, eta gero erabakiko du helegitea jarriko duen ala ez. Izan ere, epaileek beste argudio batzuk ere jarri dituzte auzitan. Esaterako, atariak Internet bidezko merkatuan duen aginte posizioa ez da «kritikoa» bere horretan, baina bai hura baliatzea Google Shoppingen kokapenari mesede egiteko. Epaileen ustez, «merituen bidezko lehiari» kalte egiten dio.

Batzordeak pozez hartu du erabakia, bere irakurketaren arabera epaitegiak garbi esan duelako atariaren bidez bilaketak egitean Googlek bere zerbitzu propioak orrialdearen goialdean kokatzen zituela, eta lehiakideenak zokoratu. «Ebazpenak argi esan du Googlen jarduna lehiaren aurkakoa izan zela, eta merkatuak behar duen lege argitasuna bermatu du».

Batzordearentzat ebazpen oso garrantzitsua da; are gehiago, Internet bidezko salerosketak izaten ari diren zabalkundearekin. Alde horretatik, eskura dituen erremintak erabiltzen jarraituko du zerbitzu digitaletan lehia garbia egon dadin bermatzeko.

Bi helegite gehiago

EBk beste bi isun jarri zizkion Googleri. Isunik handiena bigarrena izan zen, 2018koa, Google Android auziarengatik: 4.340 milioi euro. Hirugarren isuna 2019ko martxoan jarri zion, 1.490 milioi eurokoa. Adsense For Search plataforma zigortu zuen batzordeak. Googlek helegitea jarria die beste bi isunei, irmoki defendatu izan baitu helburu bakarra bezeroei zerbitzu hobea ematea duela. Iragan ekainean batzordeak Googleren aurkako beste ikerketa bat hasi zuen Internet bidezko publizitatearen kudeaketarengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.