Etiopia

TPLFko borrokalariek hainbat emakume bortxatu dituztela salatu dute

Salaketa horien arabera, TPLFko milizianoek 16 bat emakume bortxatu dituzte Nifas Meucha udalerrian. Amnesty International erakundeak azaldu duenez, pistolaz mehatxatuta bortxatu zituzten emakumeak.

Emakume etiopiar bat Tigrayko gatazkaren aurkako manifestazio batean. STR
2021eko azaroaren 10a
13:23
Entzun

Joan den astean urtebete bete zen Etiopiako Gobernuak Tigrayren aurkako erasoaldia abiatu zuenetik, aurrez TPLF miliziak Mekelleko base militar baten aurka egindako atentatuari erantzuteko aitzakiarekin. Geroztik, milizianoak gero eta eremu gehiago bereganatuz joan dira, eta inguruko bizilagun batzuek hainbat talde bortxaketaren erantzule direla ere salatu dute. Salaketa horien arabera, TPLFko milizianoek 16 bat emakume bortxatu dituzte Nifas Meucha udalerrian, Amhara eremu inguruan, iparraldean.

Amnesty International erakundeak eraman ditu argitara salaketak. Erakundeak jaso dituen adierazpen eta testigantzen arabera, pistolaz mehatxatuta bortxatu zituzten emakumeak. Lapurtu ere egin zieten, eta instalazio medikoak arpilatu eta suntsitu ere egin zituzten. Bortxatuak izana salatu duten 16 emakumeetatik ia guztiek taldean bortxatu zituztela xehatu dute, eta azaldu dute era jarraituan jasan zituztela eraso horiek –abuztuaren 12tik 21era bitartean, TPLFko milizianoek eremu hori bereganatu zutenean, hain justu ere–. Salaketa horiez gain, eskualdeko agintariek adierazi dute 70 bat emakumeren hainbat lekukotza jaso dituztela Nifas Meuchan inguruan TPLFko milizianoek bortxatu egin dituztela esanez.

Ekintza horiek gaitzetsi ditu Agnes Callamard ordezkari nagusiak: «Bizirik atera zirenen testigantza horiek TPLFko borrokalarien ekintza mespretxagarriak deskribatzen dituzte; gerra krimen ugari, eta, potentzialki, gizateriaren aurkako krimen ugari». Halaber, azpimarratu du «moraltasunari edo gizadiaren beste edozein alderdiri aurre» egiten dioten jokabideak direla horiek, eta TPLF miliziari galdegin dio «giza eskubideen abusuak eta zuzenbide humanitarioaren urraketa guztiak berehala amaitzeko, sexu indarkeria eta genero indarkeria barne». Hala, nabarmendu du miliziako goi karguek «argi utzi behar dutela gehiegikeria horiek ez direla onartuko».

Testigantza ugari

GKEak elkarrizketatutako emakumeek TPLFko borrokalari gisa identifikatu dituzte erasotzaileak, beren azentuagatik, biktimen aurka erabilitako irain eta mehatxu etnikoengatik, eta talde horretako kide izateari buruz egindako baieztapenengatik.

Emakumeetako baten lekukotzaren arabera, milizianoak etxera iritsi eta kafe bat prestatzeko eskatu zioten, eta, gero, horietako hiruren artean bortxatu zuten. «Haien asmoen susmoak nituen. Etxetik urruntzeko esan nien alabei. Itzultzeko esateko eskatu zidaten, baina ez zirela etorriko esan nien», azaldu du.

Bere lekukotza eman duen beste emakume baten kasuan, seme-alaben aurrean bortxatu zuten. «Hiru gizonen artean bortxatu ninduten nire seme-alabek negar egiten zuten bitartean. Nahi zutena egin, eta joan egin ziren. Gainera, eraso egin zidaten, eta zenbait jaki lapurtu zizkidaten». Gainera, pistolarekin apuntatu zutela ere kontatu du, «benetan tiro egitera joango balira bezala».

Urtebete igaro da

Iazko azaroaren 4an hasi zen gerra. Bakearen Nobel saridun Abiy Ahmed lehen ministroak eman zuen Tigrayren aurka jotzeko agindua, bezperan TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontea miliziak Mekelle hiriko base armatu baten aurka egindako erasoari erantzunez. Baina Tigray gobernatzen zuen TPLFren eta Addis Abebako gobernuaren arteko gatazka antzinatik zetorren. 1991tik, militarrak agintetik kenduz geroztik, agintean egon zen lau alderdiko koalizio gobernuko kideetako bat zen TPLF. Orduz geroztik, herrialdearen egoera ekonomikoa hobetuz joan zen, eta agintean ziren alderdien boterea handituz, harik eta ustelkeria salaketak agertzen hasi ziren arte. 2018an, testuingurua irauli egin zen. Abiyren Aberastasunaren Alderdiak irabazi zituen bozak, eta hark erreformak egin zituen gobernuan, baita TPLFko kideak agintetik baztertu ere, errepresioa bultzatzea egotzita.

Nazioartearen txaloak ere jaso zituen 2019an Abiyk, urte luzez Eritrearekin izandako gatazka amaitu zuenean —hori izan zen Bakearen Nobel saria emateko arrazoia ere—, eta urtebete geroago hasiko zen gatazkarako aliatu bat irabazi zuenean. Etxean, bitartean, krisiak okerrera egin zuen. Tigrayko buruzagiek Abiyri leporatu zioten 1994tik indarrean zen sistema federala bertan behera uztea, eta boterea zentralizatu nahi izatea. Iazko irailean urrats bat gehiago egin zuen TPLFk, eta, Addis Abebari entzungor eginez —hauteskundeak atzeratzea erabaki zuen hark, koronabirusak eragindako osasun krisia medio—, bozak egin zituen eskualdean. Etiopiako Gobernuak legez kanpokotzat jo zituen emaitzak, eta urrian blokeatu egin zituen Tigrayko Gobernuaren aurrekontuak, eta harremanak eten zituen. TPLFk gerra deklaraziotzat jo zuen erabakia.

Hamabi hilabete joan dira geroztik, eta egoerak nabarmen egin du okerrera. NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak eta Etiopiako Giza Eskubideen Batzordeak elkarlanean egindako ikerketa baten arabera, tarte horretan epaiketarik gabeko exekuzioak, torturak, bortxaketak, eta errefuxiatu eta desplazatuen aurkako erasoak salatu dituzte, baita gerra krimenak ere. Bi aldeetan salatu dituzte giza eskubideen urraketok. «Zantzuak daude pentsatzeko bi aldeek zuzenean eraso dietela zibilei edo haien jabetzei —erietxeak, eskolak, otoitzerako guneak eta abar—, eta bereizi gabeko erasoaldiak egin dituztela horien aurka, zibilak hilez eta eraikin publikoak suntsituz», ohartarazi du Michelle Bacheletek, NBEren Giza Eskubideetarako Batzordeko buruak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.