Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Xilabako finala

Zuzeneko kontakizuna: Amets Arzallusek irabazi du Xilaba txapelketa

Miren Artetxe sailkatu da bigarren. Arzallus eta Artetxerekin batera bertze lau bertsolari hauek ere aritu dira gaur kantuan: Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Iribarren.

Amets Arzallus, txapelarekin, azken agurra kantatzeko prest.
Amets Arzallus, txapelarekin, azken agurra kantatzeko prest. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larretxea Agirre -

2021eko azaroak 13 22:49

Laugarrenez irabazi du Amets Arzallus Antia Hendaiako bertsolariak Xilaba Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolari txapelketa. Final ederra izan da eta bertsolari guztiek eman dute berea. Amets Arzallusen atzetik sailkatu dira hurrenez hurren Miren Artetxe Sarasola, Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Patxi Iriart Iribarren eta Maddi Ane Txoperena Iribarren. Amaia Castorene eta Aritz Bidegain aritu dira dira gai jartzaile lanetan.

Arratsalde guztian giro beroa egon da Donibane Lohizuneko Jai-Alai frontoian.1.200 ikusle bertaratu dira, eta gogoz txalotu dute bertsolarien jarduna. Horrela geratu da puntuaketa:

1. Amets Arzallus Antia 1.012 puntu

2. Miren Artetxe Sarasola 975 puntu

3. Odei Barroso Gomila 605 puntu

4. Maddalen Arzallus Antia 586,5

5- Patxi Iriart Iribarren 562,5

6- Maddi Ane Txoperena Iribarren 561,5

Hasi eta buka saio ederra izan da. Indarrez hasi dute jarduna zortziko handian bertsolariek, arrazoietan sendo ibili dira eta ale politak utzi dituzte. Zortziko txikian egin du gora saioak, batez ere Amets eta Maddalen Arzallusek batera egindako bertsoaldian. Ofiziokako ariketan bereziki fin aritu dira Amets Arzallus, Maddalen Arzallus eta Artetxe, arrazoietan sendo eta bertsoak fin josiz.

«Orain arte besteen begiradak arranguratu izan zaitu izan dute gaitza kartzelako jardunean». Bertso ederrak utzi dituzte bertsolari denek, batez ere arrazismoa eta transexualitatea gaitzat hartuz. Nabarmentzeko izan da Odei Barrosoren kartzelako lana, fin josi ditu hiru bertsoak.

Arzallus eta Artetxe buruz burukora

Lehen fasea bukatuta, Miren Artetxe eta Amets Arzallus sailkatu dira buruz burukorako, eta horrekin bat egin du eztanda publikoak. Fite aritu dira bi bertsolariak buruz burukoan, eta umoretsu erantzun diote sei puntuko motzeko ariketari. Zortziko txikian ere fite aritu dira bertsolariak, eta ondotik hau izan dute kartzelako gaia: «Beste batzuen haurra zure sabelean eraman duzu. Oraintxe utziko duzu haien eskuetan». Ale politak utzi dituzte bi bertsolariek.

Lan puntuagarriak bukatuta, Andoni Iturriotz euskaltzaleak paratu dio txapela Amets Arzallus txapeldunari. Urte luzez Bertsularien Lagunak elkartearen alde egindako lana eskertu nahi izan dio horrela elkarteak.

Zuzeneko kontakizuna

20:43

Hona Amets Arzallus Antia txapeldunaren agurra:

Biriatuko mendira

lore bat eta muxu bi

beste bat urte osoko

bertsozale maite zuri

muga madarikatu bat

erantsi ziguten guri

jendea han ibiltzen da

itolarrian urduri

zuriak ez baikara beltz

beltzak ez baitira zuri

har dezadan makila hau

ta mugak bihurtu zubi

Bidasoak ez dezala

beste malkorik isuri

primaderan hiru lore

baietz hazi Zibururi

20:41

Urte luzetan Bertsolarien Lagunak elkarteari emandako laguntza eskertuz, Andoni Iturriotzek paratuko dio txapela Amets Arzallus txapeldunari. Aginte makila ere eman dio.

20:41

Emakumeei oholtzara joateko gonbidapena egi die Artetxek agurrean.

20:39

Barrosok eta Arzallusk ere gogoan izan dituzte familia eta gertukoak azken agurrean.

20:34

Azken agurrak botatzen ari dira orain bertsolariak. Txoperenak eta Iriartek bertso eskola eta azken egunetan lagun izan dituztenak oroitu dituzte agurretan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

20:30

Amets Arzallusek irabazi du Xilaba txapelketa

1012 puntu eskuratu ditu Amets Arzallus Antia txapeldunak. Haren atzetik sailkatu dira hurrenez hurren Miren Artetxe Sarasola (975), Odei Barroso Gomila (605), Maddalen Arzallus Antia (586,5), Patxi Iriart Iribarren(562,5) eta Maddi Ane Txoperena Iribarren (561,5). 

20:22

Bukatu dute bertsolariek lan puntuagarria eta une batetik bertzera jakingo dugu zein den aurtengo txapeldun. Andoni Iturriotzek jantziko dio txapela txapeldunari.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

20:21

Bukatu du Amets Arzallusek ere. Goitik beherako hiru bertso josi ditu Ukrainiako emazte baten paperean.

20:14

Bukatu du kartzelako lana Miren Artetxek, eta beraz, baita gaurko lan puntuagarria ere. Saio guztian egin bezala ale politak utzi ditu ariketa honetan ere, diskurtso propioa eraikiz. Fin borobildu du gaurko jarduna.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

20:07

Miren Artetxe izanen da kartzelako ariketan kantatzen lehena. Hauxe du hiru bertso nahi duen doinu eta neurrian kantatzeko gaia: Beste batzuen haurra zure sabelean eraman duzu. Oraintxe utziko duzu haien eskuetan. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

20:03

Bizi-bizi joan da zortziko txikiko ariketa ere. Umore zirto ederrak bota dituzte biek. Orain, gaurko jarduna bukatzeko hiru bertso bota beharko dituzte kartzelako ariketan.

19:58

Zortziko txikian ari dira orain. Autoarekin basahuntza jo dute eta seko hil da. Artetxek egingo duten otordua du buruan, Arzallusek bihotza hunkitua dauka.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

19:57

Bizi- bizi joan da lehen ariketa. Umoretik hartu dute ariketa ale politak utziz.

19:51

Miren Artetxek eta Amets Arzallusek kantatuko dute buruz burukoan

Seiko motzean hiruna bertso osatu beharko dituzte lehen ariketan bi bertsolariek. Hauxe dute gaia: Bi estralurtar zarete. Irriz karkailaka hasi dira lurra planetari begira.

19:46

Bukatu da lehen fasea

Gauzak horrela bukatu da lehen fasea, eta epailek erabaki beharko dute zein bi bertsolari kantatuko duten buruz burukoan. Oroitu hurrengo fasean 6ko motzean ofiziotan binaka, hiruna bertso; 8ko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso eta kartzelan gaia emanda hiruna bertso osatu beharko dituzte bi bertsolariek.

19:45

Bukatu ditu lanak Miren Artetxek ere. Dakarretik Europara etorri eta egoera prekarioan den pertsona baten azaletik kantatu du. Goitik beherako hiru bertso osatu ditu. Hauxe lehen bertsoaren bukaera: «Ordura arte ez nuen hitzik / besteen azal koloretan / beltza nintzela ikusi nuen / zuen denen begietan».

19:36

Miren Artetxe izango da azkena kartzelako ariketan. Honen ondotik erabakiko dute epaileek zein bi bertsolarik kantatuko duten buruz-burukoan.

19:34

Bukatu ditu lanak lehen finala duen Patxi Iriartek ere. Armairutik atera nahi duen pertsona baten ahotsetik kantatu du. Horrela bukatu du jarduna: «Ausartu hadi, baduk giroa / ta lagunek haute maite / hire burua onartzen baduk / besteek onartuko haute»

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

19:24

Bukatu ditu Amets Arzallusk ere orain arteko lanak. Migratzaile baten begietatik kantatu du, hitzak eta ideiak bikain josiz. Horrela bukatu du bigarren bertsoa: «elkartasun jende eta / progresisten elkarte / denek ustez badituzte / bihotz ta borondate / inertziak begirada / mugitzen dien arte».

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

19:19

Amets Arzallus ari da orain kantuan. Berea da orain arte txapelketan jasotako puntuaziorik altuena.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

19:15

Goitik beherako hiru bertso osatu ditu Odei Barrosok kartzelako ariketan. Trantsizioa egin duen mutiko baten ahotsetik kantatu ditu eta bikain josi ditu ideiak. Hauxe bigarren bertsoaren bukaera: «ta azken aldian burua eta / gorputza orain bat gara / lehen beldurti nenbilen nonbait /  baina gaur egun hori berdin zait / maite dudalako hara / nire barne begirada». 

19:04

Maddi Ane Txoperena izan da kantatzen bigarrena. Bere izatea besteen begiradapean eraiki duen pertsona baten hitzetik kantatu ditu bertsoak.  Ale politak utzi ditu. Horrela bukatu du bere jarduna: «Orain errana nire barnean/  eta nire baitan dago/  bertzeek nola maiteko naute/ ni gustura ez banago». 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:54

Bukatu ditu lanak Maddalen Arzallusek. Kartzelako lan polita egin du trantsizioa egin duen mutiko baten larruan kokatuta. Horrela bukatu du azken bertsoa: «Ez dut esanen nire auzia / denik guztiz erosoa / baina oraindik gizartea da / kontu hauetan lausoa / baina berdin zait ni izango naiz / orain mutil bat osoa / eta norbaitek ez badu ulertzen / ez da nire arazoa».

18:43

Hauxe dute hiru bertso kantatzen gaia: Orain arte besteen begiradak arranguratu izan zaitu.

18:38

Kartzelako ariketa

Kartzelako bakarkako ariketa izango dute orain. Gaiari hiru bertso bota beharko dizkiote nahi duten doinu eta neurrian. Maddalen Arzallus izango da kantatzen lehena.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:36

Asmatu dute Barrosok eta Iriartek gaiari heltzen. Ale eta hausnarketa politak utzi dituzte.

18:30

Odei Barroso eta Patxi Iriart dira elkarrekin kantatzen azkenak. Mendigoizaleak dira biak, eta Himalaiako kasko batera igotzen ari dira. Gailurretik hurbil dira. Hodeiri Patxik esan dio ezin duela gehiago, eta kanpamendura jaitsi nahi duela.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:28

Txalo zaparrada handia jaso dute biek ariketan. Fin aritu dira biak, eta bidea irekitzen eta ariketa bukatzen asmatu du Artetxek.

18:24

Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe ari dira orain hamarreko txikian. Beren herrian 5Grako antena bat ezartzeko asmoa dute. Maddalenentzeko ezinbestekoa da 5Gra pasatzea, Mirenek, aldiz, ez du beharrezkoa ikusten

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:22

Kantatzeko gai zaila egokitu zaie Arzallus eta Txoperenari. Ordea, asmatu dute gaiaren ertzak erakusten.

18:20

10eko ttipiaren txanda

Maddi Ane Txoperena eta Amets Arzalllus hasi dira hamarreko txikian. Txertatzea errefusatu ondotik lana galdu duten bi pertsona dira. Arzallusek gaizki bizi du egoera, Txoperenak horretan aukera berri bat ikusten du.

18:16

Bertsolarientzat ariketa exijentea izaten da puntuak erantzutearena. Bertzeen gainetik Amets Arzallus nabarmendu da ariketa honetan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:06

Puntu erantzunekin hasi dira

Orain bertsolari bakoitzak hiru puntu erantzun beharko ditu. Maddalen Arzallus izan da hiru puntuak erantzuten lehena.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:03

Bukatu dituzte bertsolariek zortziko txikiko lanak. Oro har ofizio politak osatu dituzte bertsolariek.

17:59

Odei Barrosoren eta Miren Artetxen txanda orain. Aspaldiko lagunak dira, eta gaur Miren Odei Mirenen etxera joan da, baina, Jehovako lekuko gisa.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:54

Maddi Ane Txoperena eta Patxi Iriart ari dira orain. Bizilagunak dira, eta laugarren aldiz bere etxeko abereak zaintzeko eskatu dio Patxik Maddi Aneri.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:53

Zortziko txikiekin bat berotu da Jai-Alaiko giroa. Ofizio polita osatu dute biek ala biek, bereziki ongi aritu da Maddalen Arzallus.

17:49

Hasi dira zortziko txikiko ariketarekin

Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus dira zortziko txikian kantatuko duten lehen bikotea.

17:47

Ofizio polita osatu dute Patxi Iriartek eta Miren Artetxek ere. Behetik gora egin dute saioan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:43

Patxi Iriart eta Miren Artetxe ari dira orain. Karrikan doazela eskuin muturreko militante batzuk ikusi dituzte pintaketa faxista batzuk egiten.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:42

Ofizio polita osatu dute Amets Arzallusek eta Odei Barrosok ere. Asmatu dute gaiaren erreferentziak egiten, eta umore ukituarekin bukatu du saioa Arzallusek.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:36

Odei Barroso eta Amets Arzallusen txanda orain. Surflariak dira biak, eta kezkaz bizi dituzte olatu artifizialak sortzeko dauden proiektuak.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:35

Ofizio polita osatu dute Maddalen Arzallusek eta Maddi Ane Txoperenak. Arrazoietan sendo ibili dira biak bertsoaldi osoan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:29

Bukatu dituzte lehen agurrak bertsolariak. Zortziko handian hasiko dira orain. Maddalen Arzallus eta Maddi Ane Txoperena izango dira lehen bikotea. Hauxe dute gaia: Afganistango bi emazte gazte dira eta, manifestazio bat prestatzen ari dira Kabulen.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:18

Oholtzan dira bertsolariak, eta baita Aritz Bidegain gai jartzailea ere. Hauxe da zozketak erabakitako ordena: Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Odei Barroso Gomila, Amets Arzallus Antia, Patxi Iriart Iribarren eta Miren Artetxe Sarasola.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:15

Oholtzan da Amaia Castorene gaurko gai jartzaileetako bat. Eskerrak ematen ari da gaurko finala posible egun duten guztiei. Une batetik bertzera oholtzaratuko dira gaurko sei finalistak. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:08

Hasi da sintonia. Une batetik bertzera sartuko dira gaurko sei protagonistak.

16:59

Hauxe da gaurkoan sei bertsolariek egin beharko duten lana: 

-8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertso

-8ko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso

-Banaka, 3 punturi erantzun

-10eko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso

-Kartzela banaka, gaia emanda hiruna bertso

Ondotik, puntuazio altuena duten bi bertsolariek buruz burukoa kantatuko dute. Hauxe da bi bertsolariek egin beharko duten lana: 

-6ko motzean ofiziotan binaka, hiruna bertso

-8ko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso

-Kartzela: Gaia emanda hiruna bertso

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:50

Hamar minutu eskas falta dira Xilabako finala hasteko. Pixkanaka ari da berotzen giroa Donibane Lohizuneko Jai-alai pilotalekuan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre


Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

Iban Zaldua, atzo, <em>Nola izan garen gauza</em> liburua eskuetan hartuta. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Gauzaren» bueltako obra oso bat

Andoni Imaz

Iban Zalduak euskal gatazkaren inguruan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du: 'Nola izan garen gauza'. Erein etxeak eman du argitara

 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera

 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Arte unitate minimoa

Iñigo Astiz

Maria Helena Vieira da Silva artistaren hamabi artelan ikusgai jarri ditu Bilboko Arte Ederren Museoak, Bilboko FIG azokarekin elkarlanean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.