Sexu abusuak

Hernaniko apaiz baten mezetako abestiak debekatu dituzte Los Angelesen, sexu-abusu salaketengatik

Gutxienez hamazazpi pertsonak salatu dute adingabeak zirenean Cesareo Gabarainen sexu abusuak jasan zituztela.

Gabarainen haurrentzako mezetako kanten diskoaren azala. BERRIA
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 11
15:39
Entzun

Los Angelesko (AEB) artzapezpiku barrutiak debekatu egin ditu Cesareo Gabarain (Hernani 1916-Antzuola, 1991) apaizak meza kristauetan kantatzeko sortu zituen kantak. Mezetako gaztelerazko kanta ezagunenetako batzuk sortu zituen Gabarainek, eta El País egunkariak argitaratu du Euskal Herrian eta Espainian hamazazpi adingaberen sexu-abusu kasuetan nahastuta dagoela. Los Angelesko artzapezpiku barrutiak sinesgarritasuna eman dio salaketa horri, eta, abesti horiek debekatzeko, argudiatu du «egokia ez den edozein sexu jokaeraren aurka» dagoela.

Gabarainen abesti horien artean daude Tú has venido a la orilla eta Juntos como hermanos, Euskal Herrian ere mezetan ohikoak diren kantak. El País-ek salaketa argitaratu zuenetik, ordea, Espainiako eta Euskal Herriko elizetan adierazpenik ez dute egin Gabarainen kasuaren inguruan.

Hernanin jaio zen Gabarain, eta 10 urterekin Zaragozara (Espainia) joan zen, apaiz ikasketak egitera. Musika ikasketak ere jaso zituen seminarioan, eta 1952an Donostiako seminario nagusira bidali zuten. Han egin zen apaiz, 1959an, eta Antzuolako (Gipuzkoa) Anaia Maristen Kolegioko kapilautzaren ardura eman zioten. 1964an, Donostiako Zorroagako zahar etxeko kapilautza hartu zuen, eta, 1966an, Madrilgo Anaia Maristen Chamberi Eskolakoa. Espainiako hiriburuan hasi zen musika konposatzen.

1978an egon zen Madrilen, eta urte hartan egin zizkioten lehen sexu-abusu salaketak: ikasle talde batek egin zituen. El País-ek abuztuan argitaratu zuenez, ikasleetako batek tutorearen aurrean egindako salaketaren ondorioz, ikertu eta kaleratu egin zuten Gabarain eskola hartatik. Elizak, baina, beste eskola batera aldatu zuen, Madrilgo San Fernando eskolara.

Bitarte hartan, haren abestiak oso ezagunak egin ziren, eta urrezko disko bat ere lortu zuen: La misa es una fiesta. Cantos para las misas con niños (Meza festa bat da. Haurrekin mezetan abesteko kantak). Sexu-abusu salaketak zituen arren, Joan Paulo II.a aita santuak bere kapilau izendatu zuen 1979an. Gabarain 1991n hil zen, biriketako minbiziz, Arrasateko ospitalean (Gipuzkoa), 54 urte zituela.

Sexu abusuen salaketa ezkutuan gorde zuen Elizak, El País-ek argitara atera dituen arte. Lehen ikasle horren salaketari beste batzuk gehitu zaizkio, eta irailaren 30ean gutxienez hamazazpi ziren haren sexu abusuak jasan zituztela diotenak. Lehenengoak 1959koak dira, Antzuloan kapilau zen garaikoak. Orain arte, ordea, ez Gipuzkoako Elizak, ez Espainiakoak eta ez Erromakoak ere ez dute ezer esan kasu horren inguruan.

Los Angelesko artzapezpiku barrutia AEBetako handiena da. 288 parrokia eta 265 eskola dauzka. Jose Gomez Los Angelesko artzapezpikuak ohar batean eman du Gabarainen kantak mezetan abesteko debekuaren berri. Neurri horren inguruan galdetuta, Espainiako apezpikuen bozeramaileak baztertu egin du hori erabakitzea: «Halako gaietan, bereizteko gaitasuna izan beharko genuke. Pertsona hori musika konpositorea bada, gehiegizkoa iruditzen zait esan zuenak edo egin zuenak haren obra musikala kutsatzea. Haren abestiak kalitate musikalagatik baloratu beharko lirateke. Zigor mota hori Erdi Arokoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.