Eudelek hiru proposamen egin dizkie udalei, planeta «salbatzeko» asmoz

Deskarbonizazioa bultzatu nahi dute udalerrietako garraio zerbitzuan, eta  2030erako udal instalazioen energia kontsumoa % 35 murrizteko asmoa daukate.

Gorka Urtaran, gaur goizeko agerraldian. EUDEL
jone arruabarrena
2021eko azaroaren 11
15:41
Entzun

Gaur goizean egin dute Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko Batzar Orokorra Mungian; pandemia hasi zenetik modu presentzialean egin den lehena. Bertan finkatu du Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak elkartearen helburu nagusietako bat hurrengo hamarkadarako: «Estatuek hiriei eta herriei entzun behar diete. Udalerriok planeta salbatzeko politika eraginkorrenak bultzatzen dituen akuilua izan behar dugu».

Urtaranek hiru konpromiso hartzea proposatu du, 2030 Agendari ekarpen bat egiteko asmoz. «Euskal udalerri gisa partekatutako ibilbide orri bat» bideratzeko asmoa du elkarteak, berotze globala geldiarazten laguntzeko.

Alde batetik, 2023. urterako «metodologia komun bat lantzea» proposatu du presidenteak, toki erakundeek beren udal aurrekontuak «Garapen Jasangarriko Helburuetan oinarrituta» egin ahal izan ditzaten. Bigarren konpromisoak kontsumoarekin dauka zerikusia: «2022tik aurrera udaletan energia auditoretzak bultzatzea, 2030ean udal instalazioen energia kontsumoa % 35 murrizteko, eta, data horretarako, kontsumo horren % 32 hornitzeko adina energia berriztagarri instalatzeko». Urtaranek nabarmendu duenez, helburu hori lortzeko «tresna egokia» da Gauzatu Energiaren 100 milioi euroko laguntza programa. Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek martxan jarri duten egitasmoa da programa hori, eta diru laguntzak eskaintzen ditu auditoretza energetikoak egiteko.

Azkenik, hirugarren konpromisoa hiri garraioko zerbitzua duten udalerriei zuzendu die elkarteak, «2030erako deskarbonizatzeko konpromiso sendoa hartzeko». Presidenteak azpimarratu du «mugikortasun iraunkor eta osasungarri baten alde» apustu egiteak garraio zerbitzuaren deskarbonizazioaren aldeko «apustu irmoa» eskatzen duela.

Horrez gain, beste 15 proiektu aurkeztu ditu, hainbat herritan gauzatuko direnak, Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzeko asmoz. Hala ere, adierazi du «udal bakoitzak eman nahi dion ibilbidea» izango dutela proposamen horiek, «udal autonomia errespetatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.