Komunikazioa

‘Geuria’, ‘Guaixe’, ‘Karkara’ eta Goierri Irrati-Telebista saritu dituzte

Tokikom sariak emateko ekitaldia egiten ari dira Arrasaten (Gipuzkoa). Kazetaritza jardunaldi bat ere antolatu dute, nazioarteko profesionalekin.

Sarituak, gaur, Arrasaten. TOKIKOM
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 12a
11:05
Entzun

Geuria, Guaixe eta Karkara aldizkariek eta Goierri Irrati-Telebistak jaso dituzte aurten Tokikom sariak. Sari banaketa Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia parke teknologikoan ari dira egiten. Euskarazko komunikazioaren arloko ehun lagun inguru batu dira ekitaldira, eta kazetaritza jardunaldi bat ere egingo dute nazioarteko zenbait profesionalekin. Seigarren urtea da Euskal Herriko tokiko hedabideen lan onenak saritzen dituztela.

Edukirik onenaren saria Hego Uribeko Geuria aldizkariarentzat izan da, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak monografikoagatik. Hilabetekariak hainbat uztarketa «interesgarri»egin zituen udako zenbaki berezian. «Alde batetik gaia, hainbat fenomeno global (aldaketa klimatikoa, kontsumismoa, hirigintza) tokiko ikuspegitik lantzen. Lanketa horretan, gainera, kazetaritza genero ezberdinak eta informazio iturrietan askotarikoak uztartu ditu», dio epaimahaiak. «Testuaren eta alde grafikoaren arteko oreka ere mimo handiz zainduta dago, bai eta online eta offline euskarrien artekoa ere: infografiak, ilustrazioak, argazkiak eta bideoak ez dira falta, ez eta paperezko edukia digitalarekin lotzeko QR kodeak».

Azalik onenaren saria Sakanako (Nafarroa) Guaixe aldizkariaren Uda Sakanan lanarentzat izan da. «Alde estetikotik txukuna eta bizia izateaz gain, Guaixe astekariak udako zenbaki berezirako landutako azalak balio informatibo handia ere badu, eta primeran islatzen du eskualdeko mapa erreferentziala». Honakoa gaineratu du epaimahaiak: «Begi-kolpe batean ikusten da herri bakoitzean zer dagoen, eta bertako kultur eta natura ondarea oso modu bisualean islatzen da».

Ikus-entzunezkorik onenaren saria Goierri Irrati-Telebistak (Gipuzkoa) jaso du, Ateak itxi, leihoak ireki lanari esker. Goierri Irrati-Telebistak lan «bikaina» egin du, COVID-19aren ondoriozko itxialditik urtebetera, «orain hain urrun geratzen den esperientzia kolektibo horren testigantza gordetzeko». Etxealdiko esperientziaren ikuspegi eta errelato «zabala» eskaintzen du, hainbat herritarren bizipenak eta oroitzapenak jasoz, estetika «oso zainduarekin» eta edukia hitzen bidez ez ezik, irudiak erabiliz ere transmititzeko ahalegina eginez. «Gerora begira ere, dokumentu ederra da, etorkizuneko ikusleek jakin dezaten nola bizi izan den itxialdia bertatik bertara», azaldu du epaimahaiak.

Komunitatearen saria herritarrek erabaki dute, Internet bidezko bozketa egiteko galdetegi baten bitartez. Aukerarik bozkatuena, jasotako 373 bozken %25arekin, Karkara aldizkariak (Orio, Gipuzkoa) aurkeztutako Bandera da Orion azala izan da.

Sariak emateaz gain, kazetaritza jardunaldi bat egiten ari dira Arrasaten. Nazioarteko adituekin batera hedabideen inguruko komunitateen sorkuntzaz eztabaidatzen ari dira.

Kazetaritza sariak emateko epaimahaia Maria Gorosarri Gonzalezek, Edorta Arana Arrietak eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.