EB-BIELORRUSIA

Errusiak esan du jarraituko duela Europa gasez hornitzen

Lukaxenkoren mehatxuak gorabehera, Kremlinaren bozeramailearen arabera, ez dago  «Errusiaren fidagarritasunaz zalantza egiteko inongo motiborik». Gazprom enpresa publikoaren bidez Europari saltzen dion gasaren %20 Bielorrusiatik igarotzen da. Irak, Siria eta Yemengo herritarrek ezingo dute Turkiatik Bielorrusiara hegazkinez joan.

Immigranteak, atzo, Hrodnan (Bielorusia), soldaduek emandako janariaren zain. EFE
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 12a
13:23
Entzun

Bielorrusia eta Polonia arteko mugan piztutako migrazio krisia dela eta, Europako Batzordeak asteon iragarri du zigor gehiago jarriko dizkiola Bielorrusiari. Hori aintzat hartuta, eta erantzun gisa, hango gobernuko presidente Aleksandr Lukaxenkok gas hornikuntza eteteko mehatxua egin zion, atzo, EB Europako Batasunari: «Berokuntza jartzen diogu eskura Europari, eta, halere, muga ixtearekin mehatxu egiten digu. Eta gas hornikuntzaren igarobidea ixten badugu? Zigor gehiago jartzen badizkigute, erantzun beharra daukagu». Baina mehatxu horiek gorabehera, Errusiak gaur jakinarazi du jarraituko duela, sinatutako kontratuak betez, Europa gasez hornitzen. Errusiak Gazprom enpresa publikoaren bidez Europari saltzen dion gasaren %20 Bielorrusiatik igarotzen da.

Errusiako Gobernuaren Presidentetzako Ministerioaren bozeramaile Dmitri Peskovek egunero ematen duen prentsaurrekoan nabarmendu duenez, Lukaxenkoren adierazpen hori ez zegoen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin adostuta. «Putinek esana dauka Errusiak beti bete dituela bere konpromisoak». Eta Bielorrusia Errusiaren aliatua izanagatik, Kremlinaren bozeramaileak gogoratu du estatu burujabea dela eta adierazpenak bere kabuz egin ditzakeela.

Ostegunean, Lukaxenkoren mehatxua eta gero, Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrak Putini deitu zion telefonoz, eta eskatu baliatu zezala Minsken gain duen eragina. «Ez dago Errusiaren fidagarritasunaz zalantza egiteko inongo motiborik», azpimarratu du Putinen bozeramaileak.

Bestalde, eta migrazio krisiarekin lotuta, Europako Batzordeko bozeramaile Dana Spinantek adierazi du Ekialde Hurbilean lan egiten duten hainbat aire konpainien «konpromisoa» dutela Bielorrusiara immigranterik ez eramateko. Bruselak uste du Bielorrusiak, behin haien mugetan egonda, EBko herrialdeetarako bidea errazten diela errefuxiatuei. «Kontaktatutako aire konpainiek giza trafikoaren edozein aldaera gaitzesten dute, eta horri aurre egiteko haien konpromisoa adierazi dute», azaldu du Spinantek, gaur, eguneroko prentsaurrekoan.

Irakeko eta Jordaniako konpainiek Bielorrusiara zituzten hegaldiak eten dituzte behin-behinean asteon, eta gaur Turkiatik iritsi da albistea. Irak, Siria eta Yemengo herritarrek ezingo dute Turkiatik Bielorrusiara hegazkinez joan, Istanbulek hala erabakita. «Europako Batasunaren eta Bielorrusiaren arteko mugan ematen ari diren legez kanpoko zeharkatzeen arazoa dela, erabaki da Irak, Siria eta Yemengo herritarrek ezingo dutela txartelik erosi Turkiako aireportuetatik Bielorrusiara bidaiatu ahal izateko», iragarri du Turkiako Hegazkintza Zibilak, Twitterren. Turkish Airlines airelineak hamar bat hegaldi ditu, astero, Turkia eta Bielorrusia artean; eta bide bera egiten duen Belavia Bielorrusiako aire konpainia publikoaren hegaldi kopurua ere antzekoa da. Belaviak ere ezingo ditu eraman herrialde horietako bidaiariak Turkia eta Bielorrusia arteko hegaldietan.

Turkiako Atzerri ministerioak atzo jakinarazi zuenez, «erabateko babesa» eman nahi die Poloniari, Lituaniari eta Letoniari —Bielorrusiaren mugakideak dira—, NATOn Turkiaren aliatuak diren neurrian. Poloniak leporatu izan dio Turkiako Gobernuari hegaldi horien bidez immigranteen Bielorrusiarako sarbidea erraztea. Istanbulek erantzun dio akusazio hori «oinarririk gabea» dela.

Laguntza humanitarioa

IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeko kideek laguntza humanitarioa banatu zieten, atzo, mugan, Hrodna (Bielorrusia) inguruan, zeuden immigranteei. Europar Kontseiluaren arabera, 2.000 inguru daude hango kanpalekuetan, baldintza eskasetan bizitzen. Eta gaur Gurutze Gorriaren Bielorrusiako bulegoak sei kamioi bidali ditu eremu horretara, immigranteei hotzari aurre egin ahal izateko «mantak, eskularruak, bufandak, txanoak, galtzerdiak» banatzeko. Immigrante gehienak Siriatik, Iraketik eta Afganistandik heldu dira.

OME Osasunaren Mundu Erakundearen Europarako zuzendari Hans Klugen esanetan, mugan dauden errefuxiatuek «errespetua» eta «duintasunez» tratatuak izatea merezi dute. Azpimarratu du, gainera, osasun arreta behar dutela; batzuek, urgentziaz. Esan du haien segurtasuna bermatu behar dela, eta elkarrizketa eta berehalako ekintza eskatu ditu. Giza eskubideen alde lan egiten duten hainbat elkartek ere salatu dute immigrante horien egoera.

Mendebaldearen eskaera

NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun kontseiluko Mendebaldeko herrialdeek Bielorrusiaren jarrera gaitzetsi dute, eta «helburu politikoekin» pertsonen bizitzak «arriskuan jartzea» leporatzen diote Lukaxenkori. AEBk, Erresuma Batuak, Estoniak, Frantziak, Irlandak, Norvegiak eta Albaniak adierazpen bateratu bat sinatu eta kaleratu dute, auziari buruz egindako bileraren ondoren. Iruditzen zaie Bielorrusiak nahi dituela mugakide dituen herrialdeak eta EBren kanpoko muga «ezegonkortu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.