Zinema

Margarethe von Trotta: «Inoren bizitza kontatzean ere, beti txertatzen duzu zure begirada»

Bilboko Zinebi jaialdiak Ohorezko Mikeldi sariarekin aitortu nahi izan du zinemagile alemaniarraren lan aitzindaria. Gaur jasoko du garaikurra jaialdiaren irekiera ekitaldian, eta haren film bat proiektatuko dute bihar

Margarethe von Trotta zinemagilea Bilbon, gaur. LUIS TEJIDO/EFE
Inigo Astiz
2021eko azaroaren 12a
16:47
Entzun

«Eta honaino, beraz, nire diskurtso feminista; orain hasi gaitezke nire lanari buruz hizketan». Behin eta berriz antzeko galderak erantzutera ohituta daudenen soltura alai horrekin apartatu du gainetik nazioarteko aitortza duen zinema zuzendari izatera iritsi arterainoko borrokaldien zama Margarethe Von Trotta aktore, gidoigile eta zuzendariak (Berlin, 1942), baina trabak argi aitortu ostean bakarrik. «Hainbeste borrokatu dugu... Hasieran ez gintuzten onartzen, kritikariek eta gure gizonezko kideek ez zuten gustuko guk filmak egiterik. Orain normal bilakatzen doa emakumeak zuzendari izatea, eta espero dut egunen batean emakumezko zuzendariak zuzendari deituko dituztela, gizonezko zuzendariak gizonezko zuzendari izendatzen ez dituzten bezala. Oraindik ere mirari txiki baten parekoa baita emakumezkoek filmak egitea, baina aldatu egingo da hori etorkizunean». Eta hori esan ostean egin du txantxa, eta orduan bakarrik.

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiak eman dion Ohorezko Mikeldi saria jasotzeko dago zuzendaria Euskal Herrira, eta haren aitzindaritza lana nabarmendu du horregatik Vanesa Fernandez jaialdiko zuzendariak. «Jarraitu beharreko eredu bihurtu zen mundu osoko emakume zinemagileentzako». Gaur jasoko du garaikurra, Bilboko Arriaga antzokian egingo den irekiera ekitaldian.

1960ko hamarkadan Herbert Achternbusch, Reinhard Hauff eta Rainer Werner Fassbinder zuzendarien aktore kuttunetako bat izan zen Von Trotta, eta, lehenik gidoigile, eta ondoren zuzendari izatera pasatu zen horren ostean. Alemaniako Zinema Berria izeneko mugimenduaren autore nagusietako bat da, adituen hitzetan, eta baita emakumezkoek sortutako zinemagintzaren erreferente handietako bat ere. Veneziako zinema jaialdiko Urrezko Lehoia jaso zuen lehen emakumezkoa izan zen 1981. urtean, esaterako, Die bleierne Zeit filmari esker, eta, hain zuzen ere, lan horren proiekzio berezia antolatu du Zinebik bihar Bilboko Arte Ederren Museoan. Publikoarekin solasean ere arituko da zuzendaria proiekzioaren ostean, eta Helena Taberna zinemagilea izango du alboan horretarako.

Gerra osteko Alemania

Alemaniako Armada Gorriko kide izandako Gudrun Ensslin eta haren ahizpa Christiane Ensslini buruzko kontakizun fikzionatua da filma, eta, benetako izenak erabili beharrean, Juliane eta Marianne deitu zituen pelikulan. «Sasoi garrantzitsu eta larriak izan ziren haiek Alemanian», gogoratu du zuzendariak. «Terrorista deitu zituzten oso ezkerreko talde haiek herrialdea aldatzen saiatu ziren. Christian Ensslin ezagutzeko aukera izan nuen, eta adinkide dudanez, horrek aukera eman zidan haien bidez neure esperientziaz ere hitz egiteko. Oso garrantzitsua eta zirraragarria izan zen topaketa hura, eta gauza asko kontatu zizkidan 1977an lurperatu zuten bere ahizpari eta harekin izan zuen bizitzari buruz. Eta bat-batean sentitu nuen bi emakume horien bidez II. Mundu Gerra ondorengo Alemeniaren historia kontatu nezakeela».

Bi ahizpen arteko adiskidetasuna eta elkar ulertzeko saiakera kontatzen ditu pelikulak, eta, Von Trottak Bilbon esan duenez, Christine Ensslinek bere ahizparen heriotzagatik sentituko dolua eta oinazearekin bat egiteko modua izan zen.

Ingerborg Bachman eta Max Frisch

Von Trottari ezagun zaio emakume historiko esanguratsuen bizitzak filmatzeko zaletasuna. Besteak beste, Rosa Luxembourg (1986), Hildegard von Bingen moja (2009) zein Hannah Arendt pentsalaria (2012) erretratatu ditu bere filmetan, eta iragarri duenez ildo hori izango du bere hurrengo lanak ere. Hiru urtez gidoia lantzen egon ostean, martxoan da Ingerborg Bachmann idazlearen eta Max Frisch idazlearen arteko harremana kontatuko duen filma errodatzen hastekoa.

«Lau urteko bikote harremana izan zuten biek», azaldu du zuzendariak, «baina oso zaila da hori bi pertsona sorkuntza olatu berean ari direnean». Eta bere kasu pertsonala ere aipatu du horren adibide modura. Volker Schlöndorff zinemagilearekin ezkonduta egon zen Von Trotta, izan ere, eta elkarrekin aritu ziren, besteak beste, Die verlorene Ehre der Katharina Blum filma sortzen, 1975ean. Hamar urteren buruan, ordea, bereiztea erabaki zuten. Eta Bachmann eta Frischen ispiluaren bidez kontatu du hori zinema zuzendariak. «Moztu zutenean, Bachmann baino are gazteagoa zen emakume batekin hasi zen Frisch, eta min handia izan zuen idazleak». Onartu duenez, historikoa da filma, pertsonaia historikoak lantzen dituen heinean, baina ez du istorioarekiko identifikaziorik ezkutatu. «Bachmannek babesa nahi zuen, baina, era berean, aske sentitu nahi zuen, oso zaila zen hori sasoi hartan». Eta oraindik ere ez dela erraza esanez borobildu du azalpena, erdi barrez. «Nik neuk horren bila jarraitzne dut orain».

Zinemagilearen begirada

Von Trottaren ustez pertsonaia historikoak filmatzeak ez du zuzendariaren ikuspegia desagerrarazten. «Emakume horiek hilda dude, eta, beraz, nire fantasia, nire sentimenduak proiektatu ditzaket beren bizitzetan eta filmean, eta akaso protagonistak bizirik baleude baino askeago sentitzen naiz horrela». Ezinezkoa da horri ihes egitea, dioenez. «Inoren bizitza kontatzerakoan ere, beti txertatzen duzu zeure burua eta mundua begiratzeko zure modua filmetan, beti zara zu, hori da interesatzen zaidana».

Eta umorea berriz ere, onartu duenez, Alemanian ere behin eta berriz egiten dioten galdera bat uxatzen saiatzeko. Ea egingo ote lukeen Angela Merkel kantziler ohiari buruzko film bat. Kolpean eman du lehen erantzuna: «Ene jainko maitea...». Eta ñabardura gehitu dio gero. «Ez naiz haren soka politikokoa, baina beti esaten dut hildako jendeari buruzko filmak egiten ditudala, eta hura hil artean itxaron beharko dudala, beraz, baina ez dut erraza, bera ni baino gazteagoa delako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.